Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetako lehenengo mailako ikasle guztiek parte hartzen dihardue Eusko Jaurlaritzaren ADI ADIAN egitarauan. Biktimen esperientzia abiapuntutzat hartuta, geletan alkarrizketarako eremuak sortzea da ADI ADIAN egitarauaren helburua, holan gure oraintsuko historiara hurreratzeko, sufrimentua autortzeko eta indarkeriari gizarte zilegitasuna kentzen eta bakea eta bizikidetza eraikitzen laguntzeko.
Pastoral arlotik sustatuta Antropologia eta Gizartea eta Eskola irakasgaien curriculumean txertatuta dagoan jarduera hau hiru unetan garatu da: testuinguru historiko eta etikoan jarri Giza Eskubieeen ikuspuntutik; biktimaren lekukotasuna entzun eta lekukotasun horrek dinoskuna jaso, norberaren oraingo ikuspuntutik eta etorkizuneko irakaslearen ustezko ikuspuntutik espereiantzian sakondu.
Ekitaldi honetan, honeen lekukotasunak entzun dira: Nerea Barrios, 1988ko irailaren 17an ETAk Santurtzin hil eban Jose Luis Barrios Capetilloren alabarena; Alberto Muñagorri, 1982an, ETAren atentatu baten, Errenterian bonba baten leherketak harrapatu eban hamar urteko mutikoarena eta Jose Felix Marias Maturana. Guardia Zibilak balaz zauritu ebana, bera eta hil egin zan Jose Emilio Fernandez bere adiskidea joiazan autoaren metralilaketan, 1978an.
Guztiek gogoratu eben “nire bizitzako egunik txarrena” (hirurek erabili ebezan berba bardinak), eta indarkeria indarrean egon osteko oinazez betetako urteak. Kalte eta galera horreek gorroto barik bizi ahal izateko bilaketa eta prozesuen barri emon eben, “gorrotoak, inor kaltetzekotan, norbere burua izorratzen daualako”. Hirurek esan ebenez, sufrimentuak batzen ditu biktimak (edozein izanda be indarkeria erabili dauana) eta horretaz jabetu izanaren esperientzia bizi izan dabe. Euren esperientzia batera jarri eta oroimenari bizirik eutsiz, bake eta bizikidetzaren aldeko konpromisoa berretsi eben.
Ikasle eta ikasleek euren kezka eta galderak aurkezteaz batera, miresmena eta esker ona adierazo eutsien euren ausardiagaitik, euren esperientzia bihotz-zabaltasunez batera jarteagaitik eta eredugarri izateagaitik.
Nerea, Alberto eta Jose Felixek ikasleei deialdia eginez amaitu eben euren jarduna: entzundakoa kontatu daiela etxean eta batez be etorkizuneai euren ikasle izango diran ikasleen artean. Eskolatik azaldu dabenez, “gure ustez esperientzia hau lagungarri da gure ikasleentzat, euren lanbide izango dan horretan sufrimentuarekin enpatia izateko, indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta bakea, oroimena, bizikidetza bultzatzeko eta gelatik demokraziarako hezten laguntzeko jarrera eta balioak txertatu daiezan”.