22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bilboko gotzaina: “Gertutik ezagutzen dot adin txikiko transexualen familien esperientzia”
10.09.2024

Bilboko gotzaina: “Gertutik ezagutzen dot adin txikiko transexualen familien esperientzia”

Gotzainak gizarte eta eleiz arloko askotariko kontuez jardun dau gaur goizean, Radio Popular-Herri Irratiari eskaini deutsan kurtsoko lehenengo alkarrizketan. Besteak beste, joan dan abuztuaren 15eko homilian be jorratu eban eta komunikabideetan eta gizartean zalaparta eragin eban genero-nortasunaren gaiaz hitz egin dau luze eta zabal. Honen haritik azaldu dauanez, "zenbait izenburuk eragotzita, mezua ez zan ondo ulertu". Gotzainaren esanetan, "gertutik ezagutzen" dau adin txikiko transexualen familien esperientzia, eurakaz egoteko aukera izan dau eta "hainbat gauzatan eurakaz bat" dator.

Suizidioaren Nazinoarteko Eguna izanda, On Joseba Segura gotzainak gai honen inguruan be jardun dau alkarrizketan. Arduratuta agertu da eta baita atsekabetuta be, gazteen artean somatzen dan “joera” kezkagarria dala-eta, gero eta suizidio gehiago dagoalako, hain zuzen be, “bakardadea gero eta hedatuago dagoalako eta jenteak ez deutsalako bizitzari zentzunik aurkitzen”. Honen haritik azaldu dauanez, “gazteek egundoko presinoa jasaten dabe, batez be gorputzari dagokionez, gorputza idealizatu egiten dabelako eta gorputz ederra amestu”.

Genero-nortasuna

Gotzainak luze eta zabal jardun dau joan dan abuztuaren 15eko homilian be jorratu eban kontu honetan, ondorengoa nabarmenduz: “bere gorputzagaz bat ez datorren genero-nortasuna dabela sentitzen dabenen esperientziaren aurka nagoala pentsatu eban batek baino gehiagok”, edo “hori kudeatzea edo onartzea gatx egiten jaken” senideen aurka nagoala. Halanda be, familia horreen esperientzia gertutik ezagutzen dauala argitu gura izan dau eta adin txikiko transexualen familiak batzen dituan Naizen alkarteko kideakaz egoteko aukera be izan dauala. Gotzainaren esanetan, “hainbat gauzatan bat gatozala ikusi dogula uste dot”.

On Joseba Segura gotzainak abuztuan esandakoetan sakondu dau: “Nire ustez, egiatik gitxi dauka gorputzak ez dauala ezer esatekorik eta bakotxak gura dauana askatasun osoz aukeratu leikela sinistera garoazan ideiak; beste kontu bat da gorputzak generoa zer dan zehaztea”. Azaldu dauanez, “hemen be dogmak dagoz, etiketak jarten deutsuez”, izan be gauzak ez dira zuri edo baltz eta “lagun bakotxak bere prozesua bizi dau”.

Migrazinoa

Gotzainaren ustez, gai hau “europar politikan lehentasun handiena daben gaietako bat da” eta “abegi egitea eta eztabaida honetan lasaitasun apur bat jartea” da Eleizaren ardura.

Gotzainak adierazo dauanez, migrazinoa osagai “guztiz garrantzitsua” da euskal gizartearen eraketan, eta migrazinoaren eragina nabarmena da Eleizan be, gero eta gehiago dira-eta sinistedun etorkinak.

75. urteurrena eta etorkizuna

Gotzainak Bilboko Eleizbarrutiaren 75. urteurrena ospatzeko egingo diran ekitaldiak aitatu ditu. Besteak beste, pastoral ekiturtearen hasiera aitatu dau, ‘Goazen!’ kurtsoaren hasierako ekitaldi nagusia irailaren 28an izango dala gogoratuz.

Maiatzean ospatuko dan Eleizbarrutiko erakundeen ‘azoka’ be azpimarratu dau. Bertan, hainbat erakunderen egitekoak agertuko dira, esate baterako “bitarteko urriakaz egundoko lana” egiten dauan Lagungo familien akonpainamendu psikologikorako erakundearena. Udan ospatuko dan beste jarduera bat be aitatu dau: BizkaiBira, 19 etapa oinez Eleizbarrutiko bikaritzak ezagutzeko. 

Bizkaiko Eleizaren gaurko egoera dala-eta, “alperrik da noizbait izan ginana etsipenez gogoratzea, hori ez da-eta bueltatuko”, gogoeta egitea eta egoera barrietara “eten barik” egokitzea da dagokiguna.