UNAOC eta Religions for Peace erakundeek “Bakearen, gerren amaieraren eta legaltasun internazionalaren aldeko garrasia” ekimena aurkeztuko dabe bihar. Gernikan ospatuko dan mahai-inguruak emongo deutso hasiera ekitaldiari eta bertan izango dira hainbat herri eta eleiz aitzindari, besteak beste, Bilboko gotzaina. Mahai-ingurua 9:30etan hasiko da eta Nazino Batuetako Zibilizazinoen Itunak zuzenean emongo dau.
Gotzainagaz batera, Gernikan izango dia Mons. Roman Walczak Vatikanoko Nuntziatura Apostolikoko lehen kontseilaria eta Miguel Angel Esnaola Ekumenismo eta Erlejinoen arteko Hartu-emonerako Bilboko Eleizbarrutiko ordezkaria.
Bihar, bakearen gaia hainbat ikuspuntutatik landuko da beste hainbat mahai-ingurutan.
Aoirilaren 26an, zapatuz, bonbardaketaren urteurrenean, askotariko ekitaldiak izango dira. Ohikoa danez, errespontsua errezatu eta lore-eskaintza egingo da Gernikako hilerrian, 16:30etan. Jesus Llarena abade eta Liturgiarako Bilboko eleizbarrutiko ordezkaria izango da buru ekitaldian.
Hurrengo urratsak
Ekimena aurkeztu ondoren, jarraipena emongo jako bonbardaketak jaso ebezan uri esanguratsuetan, esate baterako, Sarajevon eta Bosnia-Herzagovinan, eta seguruenik Nagasakin (Japonia) amaituko da. Gerraren ondorio suntsitzaileak agertzea da ekimen honen xedea.
Ekintzarako deia
Antolatzaileen esanetan, “ekimena, gizadiari egiten jakon dei larria da azkenaldian nagusi izan dan indarkeriaren eta suntsipenaren gurpil zoroa eten daian”. Orokorrean doakien aldeak batu eta gatazken eragin handiena jasaten daben alkarteak tartean sartuz, ekimen honek “hurrengo belaunaldientzako etorkizun baketsuagoaren bilaketa zabaldu egin gura dau. Diplomaziaren, lankidetzaren eta alkarrizketaren bidez, bakea gerraren gainetik gailenduko dau mundua irudikatzen dau”.
Nazino Batuetako Zibilizazinoen Ituna (UNAOC)
Nazino Batuetako Zibilizazinoen Ituna (UNAOC) gizarteen arteko zubiak eraikitzen dituan, alkarrizketa eta alkar ulertzea sustatu eta egiteko honeek beteteko ezinbesteko borondate politiko kolektiboa eratu gura dauan erakundea da.
UNAOC erakundea deitzaile eta biderartzaile lanetan aritzen da, gizarteko sektore guztiak batu eta kulturarteko eta erlejinoarteko hartu-emona sendotzeko, liskarrak murrizteko, aldeen artean begiramena eta munduko jente eta kulturen artean oreka sustatzeko helburuagaz. UNAOCen jarduerak bost ardatzen inguruan egituratzen dira: heziketa, gazteria, migrazinoa, komunikabideak eta emakumeak bakearen bitartekari lez nortasunean oinarritutako inguruetan. UNAOCek bazkideen sarea dau, besteak beste estatu kideez, nazinoarteko eta lurraldeko erakundeez, gizarteko taldeez, fundazinoez eta sektore pribatuaz osotuta, nazino eta alkarteen alteko kulturarteko hartu-emonak hobetzeko.
Religions for Peace
Religions for Peace, erlejinoen arteko hartu-emonaren bidez, munduko tradizino erlijiosoen arteko lankidetzaz baliatuz, bakearen sustapenean aritzen dan nazinoarteko erakundea da. 1970ean sortutako erakunde honek izen eta sinismen askotako aitzindari erlijiosoak batzen ditu, zuzentasuna, segurtasuna, giza eskubideak eta jasangarritasuna bezalako gaien inguruan gogoeta egiteko. Erakunde honek, gainera, aldaketaren eragile lez jarduten daben emakumeen eta gazteen sarea dau.