Uriburuko prozesinoen balorazinoa egiteko kaleratu dauan agirian Ermandadeak nabarmendu dauanez, “nabaria izan da kofradiakide- eta jente-kopuruaren gorakada beste behin be bilbotar Aste Santuan agertu izan dan euriari aurre eginez”.
Holan, eguraldi txarra izan bada be, kopuruek ekitaldi hau historikoa izan dala agertzen dabe: 4.350 kofradiakidetik gora, 9 kofradia, 14 prozesino eta Kurutze-bidea XVII. eta XXI. gizaldien arteko 36 pausugaz.
Bertan behera geratutako prozesinoak eta honeek ordezkatzeko ekitaldi hunkigarriak
Une hunkigarriak bizi izan dira, esate baterako, Bakardadearen Andra Maria (1693) Joan Santuak eleizaren atarira atara eta jentetzak Salbea errezatu ebenean. Era berean, Alde Zaharreko Kurutzea kaleko pausuen erakusketa be nabarmdu dabe, bisitari asko izan ebalarik. Azaldu dabenez, “Eguen Santuz ezin izan zan errepikatu euria zala-eta”.
Euriaren eraginez, Karitatearen, Bakardadearen, Osasunaren eta Afari Santuaren prozesinoak bertan behera geratu ziran. Nazaretarraren prozesinoaren azkena be ilundu egin zan eguraldia zala-eta. Halanda be, Ermandadeak kofradien eta jentearen erantzuna nabarmendu dau: “Pausuak atera ezinda, kofradiek beste ekitaldi batzuk antolatu ebezan eleizetan eta atarietan, eta erantzuna, sekulakoa izan zan. Jenteak Bilboko kofradienganako prozesinoenganako leialtasuna agertu eban, era harrigarrian gainera, baita atera ez ziranean be”.
Gizartearen eta ostalarien konpromisoa
Ermandadeak ostalaritzaren esku-hartzea be nabarmendu dau, besteak beste, 15 establezimenduk nazaretar pintxoaren IX. ekitaldian parte hartu dabelarik. “Aste Santua, kultura eta gastronomia be bada, eta esker ona adierazo gura deutsegu merkatarien alkarteari eta BilbaoHistoriko dalakoari euren konpromisoa tradizinoei -esate baterako gaztelaniazko eta euskerazko saetak- bizirik eusteagaitik”.
Autorpenak
Ermandadeak komunikabideek (prentsa, irrati eta telebista) jarduerei egin deutsen jarraipen zabala be nabarmendu dau. “Atal monografikoak eta Aste Santuari eskainitako orrialde osoak, akuilu doguz, Eusko Jaurlaritzaren ezezkoa izanda be, Kultur Ondare Immaterial izendatzeko aldarrikapenaren alde lanean jarraitzeko”.
Esker ona
BIlboko Penitentzia Kofradien Ermandadeak esker ona adierazo deutse BIlboko Udal Musika-bandari eta Fernando Barrenecheari informazino digitala eta QR kodea eskaini dituan aplikazino mugikor altruistagatik.
Beste zenbait prozesino Bizkaian
Bizkaiko beste hainbat herritan be izan dira prozesinoak, esate baterako, Bermeon. Bertan, hainbat irudi atara dabe kalera, besteak beste, Hobiratze Santua, Doloretako Ama, Ebanjelaria, Nazaretarra edo Kurutzea.






