27-11-2025 Jueves, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bizkaiko parrokien erdiak baino gehiagok Alkarkutxaren alkartasunari esker egiten dau aurrera
27.11.2025

Bizkaiko parrokien erdiak baino gehiagok Alkarkutxaren alkartasunari esker egiten dau aurrera

Alkarkutxaren 2024ko oroitza-txostenean azaldu danez, 131 parrokia, erdia baino gehiago, hartzaile garbi dira, "errenta gehiago daben" 127 parrokiek pastoralgintza "biztanleria baxu edo errenta baxuko inguruetan" garatzen dabenei laguntzea ahalbidetzen dauan sistemari esker. Arduradunen esanetan, 2024an 6,2 miloe euro mobidu ebazan mekanismo hau eleizbarrutiaren "sendotasuna" da. 

Parrokien arteko alkartasuna ez da kontzeptu abstraktua Bilboko eleizbarrutian. Izen eta mekanismo zehatzak ditu: Alkarkutxa.

50 urte beteta dituan Alkarkutxa da parrokia bakar bat be atzean ez geratzea ahalbidetzen dauan ardurakidetasun-bitarteko nagusia da. Argitaratu barri dan 2024ko oroitza-txostenean azaltzen da jardunbidea. Monica Gortazar buru dauan taldetik azaldu dabenez, “parrokien erdiak baino gehiagok parrokia indartsuagoen alkartasunari esker egiten dabe aurrera”.

Eredua birbanaketa argian oinarritzen da. 131 parrokia hartzaile garbi dira, lurraldearen gizarte-ekonomia errealitatea islatuz. Izan be, !127 parrokiek ekarpen garbia egiten dabe Alkarkutxan, biztanleria handiko edo errenta handiko inguruan dagozalako”. Ondorioz, “holan pastoralgintza ziurtatu egiten da Bizkaia osoan”.

Sistema mailakatu eta orekatua

Alkartasuna sistema nagusi biren bidez ehuntzen da eta parrokia guztiek egiten dabe ekarpena bidezko eran. Azaldu dabenez, “parrokiek, alde batetik, euren sarreraren arabena egiten dabe ekarpena Alkarkutxara, eskala mailakatuan eta, ondorioz, zenbat eta sarrera gehiago izan, orduan eta gehiago emoten da”. Mekanismo hau, %40koa izan daiteke sarrera gehien dabenentzat, ez da karga itogarria, “orokorrean parrokiak neurritsuak diranez gastuetan, sarrera handiago horreek, Alkarkutxari emondakoa kenduta, nahikoak izaten dira garapen arrunterako”.

Funts honeei esker, Alkarkutxak helburu nagusienetako bat lrotzen dau: “Pastoral eragile guztiek, abade eta laiko, soldata ziurtatuta izatea”. Iaz, 244 abaderi, 3 diakonori, pastoral arloko 26 laikori eta lurraldeetan diharduen 19 laikori ordaindu jaken.

Erispide bateratua

Parrokien arteko alkartasuna nominetatik harago doa. Sarreren %25 inguru obretara zuzentzen da. 2024an, 43 obra egin ziran 33 parrokiatan, 1,44 miloe euro inbertituz.

Laguntzak ze parrokiari emongo jakozan erabakitzean, Alkarkutxaoko kideek erispideak jarten dabez, esate baterako, “lanaren urgentzia, eskatutako finantzaketaren garrantzia edo zenbatekoa”. Esanguratsua da adostutako finantzaketa-eredua: “Alkarkutxaren funtsen %50 itzuli behar ez dana, FAIren %30, %5 dirulaguntza eta %15 parrokiaren beraren funtsa”.

50 urtetik gorako historiaren giltzak

2024an 6,2 miloe eurotako aurrekontua izan eban Alkarkutxa, “Bilboko eleizbarrutiko alkartasun- eta ardurakidetasun-erakunde nagusi” lez finkatu da. Berrogeta hamar urte beteta, bere “sendotasun” horren giltza, argia da: “danek ikusten dabe ezinbesteko dana pastoralgintza Bizkaia osoan garatzeko; bikaritza guztiek parte hartzen dabe erabakietan eta berrogeta hamar urteotan funtzionamendu ona, erregularra eta profesionala izan da”.

Oroitza-txostenaren azken mezuak ez dau zalantzarik eragiten: “Alkarkutxa guztion artean babestu eta bultzatu beharreko jardunbidea da”.

Sortu zanetik 50 urte igarota, sistema hau bizkarrazur da parrokien pastoralgintzarako eta parrokia guztiak egitasmo beraren inguruan batzen ditu, zehatza dan eta ondo kudeatzen dan alkartasunak alkartea egiten dauala erakutsiz.

Manos entrelazadas

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Alkarkutrxa