25-02-2026 Miércoles, I semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Bizkia isilik”, bederatzi bilkura pertsonen salerosketaren aurka
25.02.2026

“Bizkia isilik”, bederatzi bilkura pertsonen salerosketaren aurka

Hilaren azken eguaztenez ohikoa dabez, bilkura isilak egingo dira etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidebakokeriak salatzeko. Oraingoan, Bizkaiko bederatzi herritan batera egingo diran bilkuretan pertsonen salerosketa, giza eskubideen bortxaketa larria dan eta mundu osoan gero eta hedatuago dagoana salatuko dabe. Bilkurak otsailaren 25ean egingo dira, 19:30etan.

Bilboko Arriaga antzokiko eta Ibarrekolandako plazetan, Galdakaoko iturrondon -lekukotasun-bilkura egiten da-, Durangoko Andra Marin, Balmasedako San Severinon, Portugaleteko Gregorio Uzkiano kalean, Barakaldoko Bide Oneran, Getxoko Telletxen eta Zornotzako Herriko plazan egingo dira Migrazinoetarako pastoraltzatik deitutako bilkurak. 

Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen arabera, otsailean bakarrik 659 lagun hil edo desagertu da Mediterraneoan edo Mendebaldeko Atlantikoan bizimodu hobeagoaren bila hartutako bidean. Antolatzaileen esanetan, “ezin gara entzungor geratu” zoritxar horren aurrrean. 

Pertsonen salerosketaren eta horretarako bide barrien salaketa

Otsaileko bilkuretan pertsonen salerosketaren biktimen egoera agertu gura dabe. Jarduera kriminal horrek egundoko irabaziak sortzen ditu, handienak, droga-trafikoaren eta arma-trafikoaren atzetik. Espainia da “salerosketaren biktimen hartzaile nagusia Europan”.

Digitalizazinoak eta interneten pornografia zabaltzeak aldatu egin ditu sexu-esplotazinorako moduak, are eta ikusezinago eginez eta atzematea galarazoz.

Ekitaldian, Frantzisko Aita Santuak Pertsonen Salerosketaren aurkako Otoitz eta Gogoetarak Munduko XI. Egunerako idatzi eban mezua gogoratuko dabe. Aita Santuaren esanetan, gertakari honek “erantzun globalak eta guztion ahalegina” eskatzen ditu. 

Isilik

Partaideek hiru buelta emongo dabez isilik migrazino-ibilbideetan bizia galdu dabenak gogora ekartzeko. Baldintza negargarrietan, askotan bakarrik eta bizileku eta lan barik, bizirik irauten dabenak be gogoan izango dabez.

Datorren hileko “Bizkaia isilik” bilkura 25ean izango da, holan bizirik eutsiz, hilez hil gizon-emakume guztientzako duintasuna eta eskubideak aldarrikatzeko ekitaldiari.

Imagen de una concentración de un Círculo de Silencio en Balmaseda

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: