26-02-2024 Lunes, II semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Bizkaiko Caritasek Siria eta Turkiako larrialdiari aurre egiteko deialdia egin dau
08.02.2023

Bizkaiko Caritasek Siria eta Turkiako larrialdiari aurre egiteko deialdia egin dau

Bizkaiko Caritasek Turkia eta Siriari laguntzeko diru-bilketarako kanpaina martxan jarri dau. Edozein dohaintza egitean, ezinbestekoa da NAN eta dirua zertarako dan aitatzea. 33154 bizumaren bidez.

Bizkaiko Caritasek joan dan astelehenez Turkiako hego-ekialdean eta Siriako iparraldean gertatutako lurrikarek eragindako hondamendiaren aurre egiteko larrialdetarako kanpaina martxan jarri dau.

Carmen Gomez de Barreda Caritas Konfederakundeko Nazinoarteko Lankidetzarako taldekidearen esanetan, “Turkiako Caritasetik zein Siriako Caritasetik kezka handia helarazi deuskue negu gorrian etxe barik geratu dan jente-kopurua itzela dalako. Lo egozala gertatu ziran lurrikarak eta aldean eukienaz atara ziran kalera, tenperaturak zero azpitik egon arren”.

Caritasen erantzuna, hain zuzen be, jenteari entzuteko bideak zabaltzean oinarritzen da, lurrikararen biktimei babesa hartzeko eremuen barri emon ahal izateko.

Larrialdia Turkian

Turkian, Anatoliako Eleizbarrutia da lurralderik kaltetuena. Iskenderun urian (hegoaldean) dagoan katedrala guztiz eraitsi da eta Caritasen bulego eta eremuek kalte handiak jasan dabez.

Darmen Gomez de Barredak azaldu dauanez, “Anatoliako Caritasek, agintariekin koordinatuta, eremu zabal eta seguruetan batzen dihardu pertsona desplazatuak eta, aldi berean, jateko beroa eta erropak banatzen ari da. Izmir eta Istanbuleko Eleizbarrutiak be laguntzen ari dira eta lagungarriak batzen dihardue Anatoliara bialtzeko”.

Errefuxiatuen esparruak Sirian

Sirian, lurrikarak handiagotu bain oez dau egin azken hamarkadan herrialdeak bizi dauan zoritxarra. Izan be, gerra zibilaren eraginez, miloe erdi hildako baino gehiago izan da eta 6,6 miloe errefuxiatu dagoz. Caritaseko Konfederakundetik esandakoaren arabera, “beste ezer baino lehen, eremuan atondu beharra dago etxeak galdu dituan jenteari babesa eskaintzeko. Jatekoa eta berokiak be banatzen jakez, euren etxeetatik ia ezer barik atara behar izan dabe-eta”.

Caritasek Sirian, Alepo eta Latakian, dituan bulegoek kalte handiak izan dabez eta langile askok eta askok eta kalteak jasan dituan 4.500 familia inguruk eraikin erlijiosoetan edo autoetan egiten dau lo, eguraldiaren laztasuna dala-eta. Siriako Caritasek Damasko eta Homseko langile eta boluntarioak bialdu ditu hondamendiaren lekura eta beharrizanen ebaluazinoa egiten dihardu, erantzun bizkorra emon ahal izateko.

Lurrikaren ondorio suntsitzaileak ikusita, herrialde bietan jarduten daben Caritaseko taldeek jakitera emon dabenez, oso gatxa da leku kaltetuetara iristea eta leku horreetara eroateko laguntza jasotea eta banatzea. Gauzak, jakiak, e.a., jasotea oso gatxa da eta, horregaitik, dirua bialtzea hobe dala dinoe.

Egoera larri honen aurrean, Bizkaiko Caritasek larrialdietarako kanpaina martxan jarri dau eta jasotako laguntza Caritaseko Konfederakundearen bidez bideratuko dau, laguntza hori hondamendi natural honen biktimei lekuan bertan banatzeko.

Larrialdia Turkia eta Siriagaz