“Ikasi onbidea; egin justizia” goiburuak batu ditu aurton zazpi Eleiza protestante eta ortodoxoetako ordezkariak. Miguel Angel Esnaola Ekumenismorako Eleizbarrutiko ordezkariak azaldu dauanez, laster gure Eleizbarrutian kultu-etxea zabalduko dauan Patriarkatu Ekumenikoko Espainia eta Portugaleko Artzapezpiku-Metropolitanoa dan Mons. Besarionen ordezkariak parte hartu eban lehenengo aldiz eta baita Ukrainako Eleiza greko-katolikoko ordezkari batek, hain zuzen be Aita Nikolasek.
On Joseba Segura Bilboko gotzaina izan zan buru eleizkizuneak eta esker ona adierazo eban “Kristorenan anai doguzanak gure artean egoteagaitik. Fedearen eta Espirituak guregan batasunaren agindua gauzatzeko nahiaren adierazpen da. Bere lekuko izateko, gaur egun, senidetasuna sustatu behar dogu”.
Esnaolak azaldu dauanez, gaur egungo askotariko erronken aurrean eta “Jainkoak herri osoari deutsan maitasunaren lekukotasun lez”, Santutxu Pastoral Barrutiko (PB) ordezkari batek aurkeztu eban hainbat urtez Alkarte Kristau Ebanjelikoagaz kalean dagozan edo baldintza eskasetan bizi diran gazteen alde auzoan egiten diharduen baterako lana. “Horra hor eredua, batera jardun geinkela, eta alkar hartuta batasunaren bidean aurrera egin eta gure fedea era sinisgarrian agertu geinkela erakusten deuskuna”.