Atzoko berbaldia, otsaiaren 8an ospatu zan Emakumeen Salerosketaren aurkako Nazinoarteko Egunaren haritik ospatu zan, Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzaren barruan dagoan Migrazinoetarako sailak antolatuta. Marije Calvo saileko arduradunak aurkeztu eban 25 urtez San Frantzisko auzoan lanean diharduen eta MIgrazinoetarako Mahaian be esku-hartzen dauan hizlaria.
Hizlariaren esanetan, emakumeek egiten daben prostituzinoa da “sexu esplotazinorako salerosketaren delituaren oinarria”.
Del Pozok adierazo ebanez, giakien salerosketaren aurkako borrokan “ez dago inor soberan”, izan be, “ideologietan galtzen garan bitartean, emakumeak inorena ez dan lurrean geratu daitekez, inorena ez dan lurrean, baina emakumean esplotatzen dabezanen esku gera daiteken lurrean”.
Zer dan delitua eta zer ez bereizi beharra dagoala esan eban, izan be, prostituzinoaren inguruan aldez aurretik pentsatutako ideia asko dago-eta. “Dana nahastatzen da, prostituzinoa, salerosketa, trafikoa, sexu esplotazinoa…”. Prostituzinoa, berez, Espainian, ez da legez kontrakoa. Espainiak prostituzinoa zigortzen ez dauan Nazino Batuen hitzarmen abolizionista sinatu eban 1949an. Delitu dira, zigor-kodearen 177 bis artikuluan jasotako gizakien salerosketa; trafikoa, pertsonen aurkako delitua da-eta, etorkinen legez kanpoko trafikoa, bortxa eta prostituzinoan aritzera derrigortzea eta sexu esplotazinoa.
Zer da prostituzinoa? Del Pozok behin eta barriro aitatu ebazan gai honen inguruko aurreretxiak: “ezezaguna da eta kritikatu egiten da, erabili egiten da eta gaitzetsi, ikusezina eta eta benetakoa eta, jakina, beti da interpelatzailea”.
Pertsonen salerosketaren biktima guztiak beharrizan larrian bizi dira diruari dagokionez eta aukerarik be ez dabe bizitzan. “Ahuleziazko egoeran dagoan edonor izan daiteke salerosketaren biktima”.
Emakumeenganako errespetutik jardun eban, emakumeoi laguntzea ezinbestekoa dala sinistuta. “Zu ez zara arduraduna, ez jatzu zuri bakarrik gertatu (arazoa kolektibo bihurtu), ahalmena dozu eta gertatu jatzuna baino askoz gehiago zara”. Emakumeak seguru sentitu behar dauala eta isiltasunak eta kontatzen dauana begirunez hartu behar dirala “(sinisten deutsut)”.
Euren laguntzaren jasotzaile izan diran eta diran emakumeei eskaini eutsen saioa, eurakaz “asko ikasi dogu-eta”. Hainbaten izenak emon ebazan eta Natalie Barneyren berbak eskaini eutsezan guztiei: “Edozein adinetan jarkitzeko adorea izan dabenak. Eurak sortzen dabe bizia, errebeldeak dira eskubideen mugak zabaltzen dabezanak. Apurka-apurka, gatxaren mugak estutu eta ezabatu egiten dabezanak. Beste honeek be aitatu ebazan: “identifikatutako biktima izan eta “salatu egiten zaitut” esan eta gatxa arintzen lagundu dabenak. Esker ona eurentzat”.