Goizeko 10:30etan emongo jako hasiera saioari, David Urdaneta alkarte latinoamerikarraren erreferenteak eskeiniko dauan «Fedea eta algoritmoa: AAaren aukera eta arriskuak abade bizitzarako» berbaldiagaz. Teknologia honek abadeen bizitza eta zerbitzura dakarzan erronkak aztertuko dabez. Pastoralgintzan dalako teknologia horrez baliatzearen inguruko kontuez be jardungo dabe.
Egun horretan, Javi Garciak Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendari lez jardungo dau lehenengo aldiz. Lurralde bikario izendatu daben Carlos Olabarriren lekua hartu dau.
«MInisterioa ilusinoz eta pozik bizi»
Javi Garcia 1999ko otsailaren 28an egin zan abade Barakaldoko San Bizente parrokian. Eleizbarrutiko hainbat alkartetan jardun izan dau eta Bizkaiko JOC mobimentuko kontsiliario federal izan da. Gaur egun, Artxandape Pastoral Barrutiko moderatzaile da.

Alkarren Barri aldizkariaren urriko alean jasotako alkarrizketan azaldu ditu Garciak aldi honetan bultzatu gura dituan lehentasunak, besteak beste, ministro ordenatuek itxaropenez eta ilusinoz bizi dagiela euren bokazinoa: «sinodo-seneko Eleiza honetan, danok ministerioa ilusinoz eta pozik bizitzea nahiko neuke».
Zuzendari barriaren esanetan, gainera, heziketak noizbehinka emoten diran berbaldiak baino gehiago izan beharko leuke, hau da, lagungarri izan beharko leuke epe ertain eta luzera ministerioaren sustraiak zaintzeko.
Ikuspuntu horretatik egingo da urriaren 22ko saioa. Gainera, adimen artifizialari buruzko gogoeta eginez, kontuan hartuko dabe hedatuta dagoan teknologia hau, fedearen ikuspuntutik aztertuz. Abade bizitzarako premina zehatzak be kontuan hartuko dira.
📅 Eguena, 2026ko urriaren 22a
🕥 10:30
📍 Begoñako gogarte etxea, Bilbao
🎤 Berbaldia: ✝️🤖 Fedea eta algoritmoa: AAaren aukerak eta arriskuak abade bizitzarako⚖️
👤 Hizlaria: David Urdaneta







