19.10.2026

Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboak 50 urte beteko ditu

Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboak (AHEB-BEHA) 50 urteko ibilbidearen oroitzapena egingo dau urriaren 21ean. Mende erdi Bizkaiko erlejino, gizarte, kultura eta familia historia ezagutzeko funtsezko dan agiri-ondarea jagoten, antolatzen eta eskuragarri jartzen

Ospakizuna bere egoitzan izango da, Derioko Seminario zaharrean, eta egindako ibilbidea gogoratzeaz batera, eraldaketa digitalaren sasoian artxiboek aurrez aurre dabezan erronkei begiratuko jake.

On Joseba Segura Etxezarraga Bilboko gotzaina buru dala, ekitaldian izango dira Urkiri Salaberria Kultur Ondarerako Eusko Jaurlaritzako zuzendaria eta Begoña Ibarra Kulturarako Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendaria. Bertan izango dira, gainera, administrazinoetako ordezkariak, artxibo eta liburutegietako profesionalak, kultur-, heziketa- eta enpresa-arloko eragileak, euren funtsak Artxiboan gordailuan itzi dabezan erabiltzaile eta erakundeak

Agiriak jagotetik adimen artifizialaren erronketara

Goizeko 11:00etan, bertaratutakoen harrera eta erakunde-ondoetorriak emongo deutso hasiera jardunaldiari. Anabella Barroso Artxiboko zuzendariak erakundearen ibilbidea berrikusiko dau «50 urte oroimena jagonez eta etorkizuna eraikiz» goiburuaren harira. Saioan, irudi korporatibo barria eta Artxiboaren kudeaketa-sistema barria aurkeztuko dira.

«Larrukitik adimen artifizialera. Artxiboak eta eraldaketa digitala: mugak eta aukerak» mahai-ingurua, Idoia Jauregi Pikabea kultur kazetariak moderatutakoa, izango da Javier Onaindia eleizbarrutiko irratien zuzendariak aurkeztutako ekitaldiko une nabarmena.

Ramon Martin Suquia artxibozainak, Lorena Fernandez Alvarez Deustuko Unibertsitateko Komunikazino Digitalerako zuzendari eta Adimen Artifizialerako arduradunak eta Asier Romero Andonegi EHUko Hezkuntza-fakultateko katedratiko eta dekano ohiak parte hartuko dabe eztabaidan.

Artxiboen orain eta etorkizunean nabarmentzen diran kontuetako batzuk mahaigaineratuko dira.

Mende erdi Bizkaiko oroimenaren esanetara

Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboa erakundeak mende erdi emon dau Bizkaiko erlejino, gizarte, kultura eta familia historia ezagutzeko funtsezko dan milaka agiriren iraupena bermatzen. 1997tik aurrera, Eleizbarrutiko artxibo-sistemaren funtsezko pieza izan da.

Artxiboa bateo-agiriak
Bateo-agiriak Bizkaiko Eleizaren Artxiboan

Bere sorreratik, ikerketa historikorako, agiri-ondarearen kudeaketarako eta ikertzaileen, administrazinoen, kultur erakundeen eta herritarren arretarakoe erreferentziazko erakunde lez finkatu da. Bere lanari esker, Bizkaiko oroimen kolektiboaren oinarrizko zatia jagon izan da eta bere garrantzia nabarmendu, eta digitalizatze-egitasmo barritzaileak bultzatu dira. Datorren azaroaren 4an 14 urte beteko dituan Icaro Zentroaren bidez, gainera, ezagutza jadesteko bide barria eskaini da.

Urteurreneko ospakizunaren amaieran, ikustaldia egingo da Artxiboko instalazinoetara eta ICARO Zentrora, eta ondoren partaide guztien topaldia.

                                                                 

Kontsultetarako gela

Hemen argitaratuta: Gotzaina, Kultura, Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Artxiboa