Munduan, diakono gehienak gizon ezkonduak dira, gurasoak, familia eta gizarte bizitzako partaideak eta hemendik saiatzen dira Ebanjeliotik sortzen dan itxaropena agertzera emoten, gaixoari bisita eginez, beharrizanean dagoana entzunez, oinazetan dana kontsolatuz, presoei edo aukeraren baten bila datozan etorkinei arreta eskainiz edo Jainkoa itxura baten ez dagoala emoten dauan lekuan be, bertan behera itzita sentitzen diranei lagun eginez agertu egiten dala iragarriz be, Natxo Etxebarria eleizbarrutiko diakonoak jardunaldirako egin dauan kartelean ikusten danez.
Ministerio Ordenaturako Idazkaritzatik dei egiten deutse eleizbarruti osoari diakonotzarako bokazinoen alde otoitz egin daien, “lagun eginez, euren bidelagun izanez, Eleiza danentzako kontsolamendu, egia eta itxaropena jadesteko leku egiteko konpromisoan bat eginez. Agerpen bizi, mundu honetan haragitutako agerpen izanda, kristau itxaropenaren eroale dirala erakusten deuskue”..
Gotzainaren esker ona
On Joseba Segura gotzainak egun honetarako idatzitako mezuan esker ona adierazo deutse: “Bihotzez adierazo gura deutset nire eskerrik beroena eleizbarrutiko diakonoei. Zuen egiteko eskuzabala, zuen etenbako emotea eta zuen prestasun isila Bizkaiko hainbat alkarte argitzen dauan argi dira. Eskerrik asko zuen zerbitzu eskuzabalagaitik, nabarmenkeria edo autorpena ez bilatzeagaitik eta herrian Barri Onaren apaltasuna agertzeagaitik”.
Gotzainak gogoan izan ditu diakonoen sendiak be: “Emazte, seme-alaba, anai-arrebok: bokazino honetan bat egiteko dozuen eskuzabaltasunari esker ahalbidetzen da ministerio honen loratzea. Eskerrik asko gotzainak agindutako pastoral eginkizuna eusten eta adoretzen daben etxeko alkarteak izateagaitik”.
Datorren barikuz, urriak 10, gotzaina eleizbarrutiko diakonoakaz batuko da Begoñako gogarte etxean.