20-11-2024 Miércoles, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Adimen artifizial eta humanismoari buruzko mahai-ingurua
18.05.2023

Adimen artifizial eta humanismoari buruzko mahai-ingurua

Kultur Erakundeen Bilboko Eleizbarrutiko Mahaiak antolatuta, maiatzaren 31an Gizarte Komunikabideen inguruko jardunaldia ospatuko da 'Bihotza berbaz - Comunicar con corazón en tiempos de IA' goiburuaren haritik. Mahai-ingurua ospatuko da eta bertan komunikazinoaren, Eleizaren, zientziaren, filosofiaren eta heziketaren eremuko pertsonek parte hartuko dabe. Jardunaldia, Euskalduna jauregian izango da, 11:30etan hasita, eta jakin-mina daben guztiek iizena emon leikie leku guztiak bete arte. Ekitaldia zuzenean emongo da web orrialde honetan. 

Adimen artifizialari eta beragaz dakarzan erronka eta arriskuei buruzko eztabaida gaurkotasunez beteta dago. Honen haritik, Bilboko Eleizbarrutiak gai honen inguruko eztabaida eragin gura dau ikuspuntu jakin batetik: humanismotik. Hilaren azken egunez ospatuko dan mahai-ingurua Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskadiko Kolegioko eta Kazetarien Euskadiko Alkarteko presidenteak gidatuko dau eta honeek izango dira partaideak: Xabi Uribe-Etxebarria (CEO eta @sherpa.ai dalakoaren sortzailea), Daniel Innerarity (Florenziako Europar Unibertsitate Institutuko Adimen Artifiziala eta Demokrazia Katedrako titularra), Leticia Soberon (Komunikazinorako Vatikanoko Dikasterioko kidea) eta Josep Lluis Mico (Blanquernako Ramon Llull Komunikazino-fakultateko dekanoa). Bingen Zupiria Kultura-sailburuak eta On Joseba Segura Bilboko gotzainak emongo deutse amaiera saioari. 

Konpromisozko eguna

Aita Santuak izendatu eta maiatzean ospatzen dan -aurtengoa, LVII. ekitaldia da- Gizarte Komunikabideen Munduko Egunaren haritik egingo da eztabaida hau. Aurton, Kultur Erakundeen Bilboko Eleizbarrutiko Mahaiak txantxetakoa ez dan gaian jarri gura izan dau arreta: Adimen artifizialak “bihotzetik eta bihotzera” berba egin gura dauan komunikazinoari aurkezten deutsazan erronkak. 

Dorleta Alberdi Komunikazinorako Eleizbarrutiko saileko arduradunaren ustez, adimen artifiziala egundoko ahalmena dauan bitartekoa da, baina eremu artifizial eta naturalaren arteko mugak gero eta lausotuago diran gizartean, “funtsezkoa da, eleiz komunikabideetan behintzat, gure eguneroko lanean bitarteko hau etikaz erabiltzeko konpromisoa hartu daigun”. Ideia honen haritik, jardunaldian “AIa komunikabideetan etikaz erabilteko dekalogoa’ aurkeztu eta sinatu egin gura da. Alberdiren esanetan, “oraingoz, zirriborroa prestatzen dihardugu, Kazetarien Euskadiko Kolegioak eta Kazetarien Euskadiko Alkarteak egindako ekarpenakaz aberastu ahal izateko”.

Saioa arratsaldez ETPIan

Euskalduna jauregian ospatuko dan ekitaldiak jarraipena izango dau arratsaldeko bostetatik aurrera Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan (ETPI) ospatuko dan biltzar-solasaldian. Goizeko hizlari bik parte hartuko dabe, hain zuzen be, Josep Lluis Micok eta Leticia Soberonek. Arratsaldeko saioan, Estrella Moreno ETPIko zuzendariak azaldu dauanez, “Aita Santuaren mezua oinarritzat hartuta, Eleizak, barrura zein kanpora begira burutuko dituan ekintzetan, sortu eta sustatu behar dauan komunikazino-sen eta motaz gogoeta egin nahi da”.

Jornada de Comunicaciones Sociales