03-05-2024 Felipe y Santiago, apóstoles
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Egoitza bat baino gehiago dan Aspaldikok 25 urte bete ditu
16.01.2024

Egoitza bat baino gehiago dan Aspaldikok 25 urte bete ditu

Atzo, Portugaleten dagoan gerontologia-zerbitzuak eskaintzen dituan Aspaldiko "etxe handiaren" 25. urteurrena ospatu zan. Gogo-gogoko ekitaldia izan zan eta makina bat lagun batu eban: bertan bizi diranak, langileak, zuzendaritza-taldekoak eta errektoria, senideak eta politika eta eleiz arloko ordezkariak, besteak beste, Elixabete Etxanobe diputatu nagusia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina. Manuel Merino fundazinoko presidenteak adierazo ebanez, BBKarena dan eraikina ibaiertzeko punturik altuenean dago, "ez goitik begiratzeko, behetik pertsona nagusien esanetara egoteko baino". 

Portugaleteko Aspaldiko egoitza 2.200 pertsona nagusiren etxe izan da eta bertan zaintza eskaini deutsie. Irabazi asmo bako erakunde hau Bilboko Eleizbarrutiko Caritasek sustatzen dau. 2007an martxan jarri zan gizarte-osasun unitateari eusten deutso eta bertan 1.846 pertsona nagusi izan da aldi baterako egonaldian.

Orain dala 25 urte sortu zan pertsona nagusientzako etxe hau, zazpi solairu dituan eraikin ikusgarrian dago eta atzo egun berezia bizi izan eban.

Zidarrezko ezteguen ospakizunean, bertan biziko diran lagun biri ondo etorria egiteaz gainera, zaintzaz, oroimenaz, makaltasunaz eta, batez be, zerbitzuak, “eskuzabaltasunez betetako keinuez” hitz egin zan.

Ospakizuna

Bilboko gotzainak adierazo ebanez, “gauza handiak txikitasunetik egiten dira” eta atzokoa, apaltasunez gogoratzeko eta, aldi berean, Aspaldikok eskualdiari egin deutsan ekarpena eskertzeko eta ospatzeko eguna izan zan. Ospakizunaren bigarren zatian, gonbidatuak mahaiaren inguruan gozatu ahal izan eben.

 

 

Ekitaldian parte hartu ebenak
Aspaldiko fundazinoaren 25. urteurreneko irudia (Argazkia: Javi Atxa)
Foto de familia del 25 aniversario de Aspaldiko