02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Jesus Mª Llona “apal eta baztertuakaz oso sentibera zan” gizona hil da
16.01.2024

Jesus Mª Llona “apal eta baztertuakaz oso sentibera zan” gizona hil da

Domekan hil zan Bilbon Jesus Mª Llona Urquijo eleizbarrutiko abadea, 91 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur arratsaldez ospatuko da Lemoako Andra Mari parrokian, 18:00etan.Bere aldeko olata-meza, urtarrilaren 21ean, domekaz, ospatuko da 13:00ean, Etxebarrin.

Jesus Mª Llona Lemoan jaio zan 1933.eko urtarrilaren 3an eta bertako Andra Mari parrokian egin zan abade 1970.eko uztailaren 11an. Ondoren, Berrizko San Joan Ebanjelaria parrokiako abade lagunkide izendatu eben eta beranduago Ermuan jardun eban.

Madrilen ikasketak egin eta kateketikan lizentziatura eskuratu ondoren, Eleizbarrutira bueltatu eta Etxebarrin jardun eban San Esteban Lehen Martiria parrokiako administratzaile lez. AA Erredentoristen lekua hartuz eta hantxe iraun eban erretiroa hartu arte.

Erabateko emote eta eskuzabaltasuna

Andoni Gerrikaetxebarria abade laguna beragaz egon zan Ermuan abadeen taldean eta bere esanetan, “erabateko emote eta eskuzabaltasuna ziran bere ezaugarri nagusiak”. Katekesian be lan handia egin ei eban: “300 umetik gora egozan orduan katekesiko kurtso bakotxean. Egunero, makinaz prestatzen ebazan lagungarri guztiak katekisten artean banatzeko”.

Gerrikaetxebarriak gogoratzen dauanez, eleiza bete egiten zan domekero umeen mezan eta hogeta hamar katekista inguruk parte hartzen eban: “Katekesiak eta domeketako ospakizunak ondo prestatzen ahalegintzen zan eta, horregaitik, egunero, goizaldera arte geratzen zan lanean”.

Katekesian lan egiteaz gainera, udako hainbat kanpamentu sustatu eban eta euretan parte hartu. Hartu-emon estua izan eban herritarakaz. “Sentiberatasun handia eban jente apal eta baztertuakaz eta eskuzabaltasun handiz jokatzen eban beti”.

Kopiagintza eta musika

Rafa Saez abade lagunak Seminarioan ezagutu eban Jesus Mª, eta bere esanetan, umetan Erruki-etxean lan egin eban eta kopiagintza ikasi eta ogibide bihurtu eban, Lemoan enpresa sortuz.

Jesus Mª Llonak oso gustuko eban musika. Lemoan, orkestra eratu eta zuzendu eban, domeketako dantzaldiak girotzeko eta abesbatza be osatu eban herriko eleizan. Hogeta hamar urte beteta sartu zan Seminarioan eta musika-eskolak emon eutsezan abadegaiei.  

Jentearengandik gertu

Rafa Saezek nabarmendu dauanez, Llona oso maitatua zan, “jentearengandik gertu egoan, beti laguntzeko prest. Gizon ona eta adeitsua zan”.

Etxebarrin 23 urte emon ebazan eta hainbat obra egin zan bertan bera egoala eta eraikinaren zati bat suntsitu eban suteari be aurre egin behar izan eutsan. Hainbat jarduera antolatu eban gastuei aurre egiteko, besteak beste, Felipe Campuzano musikagile eta piano-jole lagun minaren laguntza izan eban. Musika-zale amorratua izanda, Llonak organo bikaina ipini eban eleizan.

Etxebarriko frontoian agura egin eutsenean, makina bat jente batu zan berari autormena egiteko. Udalak, bere aldetik, bere izena jarri eutsan plaza bati: “Jesus Mª Llona Urquijo parrokoaren plaza”. Eta 2013an, herriko jaietan, bere omenezko plaka jarri eben.

Ezagutzen ebenen esanetan, Llonak “Erruki-etxekotzat” eukan bere burua eta haraxe bueltatu gura izan eban azken urteetan. 2010ean joan zan hara bizitzera eta azken urte eta erdian Erruki-etxera lekualdatu ziran abadeakaz batera egon zan.

Gidaria

Julen Uribe Berrizko laikoaren esanetan, pertsona bikaina zan, “pazientzia handia eban gazteakaz”, katekesian ahalegindu zan eta urteera asko antolatu eban. “Gidari izan zan guretzat eta asko erakutsi euskun. Abade modernoa zan sasoi haretarako”, Julenek azaldu dauanez. 

Goian bego!

Retrato de Jesús Mª Llona, realizado por el artista M. Uriarte.