23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Egun berezia Plentziako Andra Maria Magdalena eleizan
27.01.2024

Egun berezia Plentziako Andra Maria Magdalena eleizan

Gaur ospatuko da Marco Antonio Muñozen diakonogintza, Plentziako Andra Maria Magdalena eleizan, 19:30etan. Gotzaina buru dala ospatuko dan eleizkizuna zuzenean ikusi ahal izango da hemen. Aste honetan, Bizkaiko abadegaiek erretiroa egin dabe Ziortzan, Tangerreko gotzain erretiratuak lagunduta.

Gaur ospatuko da abadegintzaren aurreko urratsa dan diakonogintza Plentzian, eta datozan asteetan, beste hiru ospatuko dira Begoñan eta Durangon.

Marco Antonio Muñoz Castro diakono ordenatuko da gaur, Plentziako Andra Maria Magdalena eleizan, 19:30etan.

Marco Antonio Muñoz
Marco Antonio Muñoz

Seminarioaren web orrialdean azañdi dabemez, hautagaiek pastoral aldia egiten diharduen lekuetan egingo dira diakonogintzak, zerbitzu hori eskaintzen ari diran Bikaritzei lehentasuna emonez. Orrialde berean esaten danez ospakizun honeek “benetako bokazino-eragile izan gura dabe gure abadegaien ‘baiezkoak’ euren buruari bokazinoaren inguruan galdetzera eroan leikezan gazteentzat”.

Otsailaren 3an, Mario Fernando Diaz Bravo eta Gorka Campos Saez de la Fuente ordenatuko dira diakono, Beboñako basiliakan, eguerdiko 12:00etan, eta otsailaren 10ean, Juan Reyero Pontes, Durangoko Andra Mari basilikan, eguerdiko 12:00etan. 

Pastoralgintza

Lau abadegaiok Eleizbarrutiko Seminarioko hirugarren eta azken aldian dagoz. Kurtso honetan, Marco Antonio Muñozek Uribe Kostan dihardu pastoralgintzan; Mario Díazek, San Fausto (Basauri) Pastoral Barrutian (PB); Gorka Camposek, Artagan PBan eta Juan Reyerok, Tabira PBan.

Ignacio Fernandez Mendez errektoreak, Miguel Vera Artacoz ikasketa-buruak eta Manu de las Fuentes zuzendari espiritualak osotzen dabe heziketa-taldea. 

Lau abadegai
Diakonogintza ospatuko daben lau abadegaiak

Andra Maria Magdalena eleiza

Plentziako udalaren web orrialdean jasoten danez, eleiza hau XV. gizaldiaren eta XVI. gizaldiaren hasieraren artean eraiki zan. Apaindura gitxiko areto-eleiza gotikoa da, oinplano errektangularrekoa eta zutabez bereizitako eta ganga bako hiru nabe ditu.

Kanpantorreko torre sendoa, zelata-torre izan zan itsasadarraren ibilbidean. Torrea da kanpoaldean gehien nabarmentzen dana bere itxura sendoagaitik: kubo-formako prisma arkupeduna. Martin Saenz de Gareca arduratu zan torreaz, baina ez dakigu gainerako eraikinarena be izan zan.

Barruan, estalkia nabarmentzen da, egurrezko kasetoiduragaz. Severino Achucarrok diseinatu eban 1887an eta Martin Gonzalez de Durana lekuko kontratistak gauzatu. Hainbat eskultura erlijioso geratzen da antxinako apainketatik: Kristo etzunda, Magdalena Penitentea eta San Pedro.

Aitagarriak dira, baita be, maskor formako bataiarria (jatorri ezezagunekoa) eta kasetoiduratik zintzilik dagoan itsasontzia eskalan. Kostaldeko herrietan ohikoa zan honako eskaintzak egitea babesa eskatzeko. Altzariei dagokienez, nabarmentzekoak dira Nekaldiaren poliptikoa eratzen daben1440-1480 inguruko harzurizko bost panelak.

Iglesia de Santa María de Magdalena, Plentzia