22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Goicouria misiolariak egitasmo barria dau Kongoko EDrako
09.01.2023

Goicouria misiolariak egitasmo barria dau Kongoko EDrako

Alkarren Barri-Comunicación Eleizbarrutiko aldizkariaren urteko lehenengo alean, Xabier Goicouria misiolari bizkaitarraren lekukotasuna jasoten da. Kongoko Errepublika Demokratikoan daroazn 56 urteotan izan dituan bizipenetako batzuk kontatu ditu. Beti egon da ahulenen ondoan eta, honeen artean, ezintasunen bat daben umeen ondoan. Berak sustatu izan ditu urritasun fisikoak dabezanentzako zentroa, umezurtz-etxea eta lanbide heziketarako ikastegia... Orain, diru-laguntza eroan dau amaetxea zabaltzeko.

Xabier Goicouria misiolariak 1966an lur hartu eban Likasin. Euskal Eleizbarrutietako Misinoetarako taldekideetako bat izan zan. 56 urteren buruan, egitasmo barriak martxan jarteko ilusino beraz jarraitzen dau. Bilboko egonaldi laburraren ostean, oparia daroa Kongoko EDra. Uriburuko familia batek herentzian jasotako dirua emon deutso oraingoz bere azken egitasmoa gauzatu daian: amaetxea zabaldu.

Esker onez kontatu dau Eleizbarrutiko aldizkarian. Xabierrek afrikar herrialde haretako pertsonarik ahulenen, eta batez be umeen aldeko konpromisoari eutsi egiten deutso. Han daroazan urteetan, hamaika egitasmo jarri dau martxan.

2009an bere izena daroan fundazinoa sortu eban bultzatutako ekintzei gorputz juridikoa eta jarraipena emon ahal izateko. 

https://issuu.com/barriatv/docs/alkarren_barri_290_urtarrilla_enero_/4

Umeen ondoan

Domekaz, Ume Misiolarien egunez, munduko misiolariek egiten daben lana gogora ekarten da eta dei egiten jake umeei eurak baino baldintza txarragoetan dagozanak ahaztu ez daiezan. Xabier Goicouriak ondo ezagutzen munduko herrialderik pobreenen artean dagoan Kongoko EDko umeak eta euren ahulezia. Misiolariak hainbat egitasmo jarri dau martxan: zentroa urritasun fisikoak dabezanentzat -Kilima Cha Kitumaini-, Lanbide Heziketarako ikastegia -St François Xavier I eta II-, Teknika Medikuetarako Goi Institutua eta umezurtz-etxe txiki bat. Guzti horreek osatzen dabe Likasi Gunea

Urritasun fisikoak dabezanentzat eraikitako zentroan, beste honeek be badagoz: tailer ortopedikoa, ebakuntza-gela eta fisioterapia-gelak, lehen hezkuntzarako eskola, joskintza-tailerra, osasun-kontsultategia, barnetegia eta zentro oftalmologikoa. Barnetegian, 60 lagun inguru dago, mutil eta neska, asko eta asko, dibertsitate funtzionalagaz errehabilitazino-aldian, bertan ebakuntza egin ondorren. Lehen hezkuntzarako eskolan, 250 ikasle inguru dago. Zentrotik 12 kilometrotara, sail handi bat dago laborantzarako eta han hartzen danagaz, batez be, barnetegia hornitzen dabe.

Lanbide Heziketarako Ikastegian, 2.500 mutil eta neska inguru hezitzen da, hainbat jakintzagaitan: elektrizitatea, zurgintza edo informatika.

Gainera, Goicouria misiolariak Kabulumbu nekazaritza-kooperatiba jarri dau martxan eta hainbat zubi eraikitzea bultzatu dau, erreka ugaria zeharkatuz landa-eremuetara iristeko, eta nagusientzako egoitzak eta umezurtz-etxeak be bultzatu ditu.

Ume Misiolariak

“Bat danontzat, danok Harentzat”, goiburuaren haritik ospatuko da Ume Misiolariak jardunaldia, 2023.eko urtarrilaren 15ean, domekaz. 

Egun esanguratsua da eta dei egiten jake umeei gainerako umeei, eta batez be bizitzeko behar-beharrezkoa be ez dabenei edo Jainkoa ezagutzen ez dabenei lagundu deieen.

Xabier Goicouria