21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Gotzainak Kongoko EDan jarraitzen dau, misino-egitasmoak ezagutzen
26.06.2023

Gotzainak Kongoko EDan jarraitzen dau, misino-egitasmoak ezagutzen

On Joseba Segura Bilboko gotzainak Kongoko Errepublika Demokratikoan jarraitzen dau bisita egiten. Aspalditik han bizi dan eta egungoko lana egiten diharduan Xabier Goikuria bizkaitar misiolariari bisita egitea da bidaiaren helburuetako bat. Gotzainaren bidelagun dan Iñigo Iriartek nabarmendu dauanez, "Xabier, fedetik anai-arrebatzat dituan errealidade oinazetsuaren garrasia entzun eta hori arintzeko ekintzara jo dauan misiolaria da. Urritasun fisikoaren eraginez ume bat lurrean arrastaka ikusi ebanean, galdera egin eutsan bere buruari: Non da zure anaia?... Eta Xabierrek ekintzakaz erantzun eutsan galdera horri... Eta, gaur egun, urritasun fisikoren bat daben umeek etxea dabe eta han ezinbesteko laguntasuna emoten deutsie bizimodu ahalik eta duinena izan daien". 

Egunotan, ahalmen-urritasunen bat dabenentzako Tcha Kituimainiko zentroa bisitatu dabe. Kilima zentroaren inguruan dagoz St François eskola-gunea, 3.500 ikasle ingurugaz, mediku-tekniken institutua eta erizaintzako goi eskola. Xabier Goikuriak martxan jarritako ekimen guzti honeek bisitatu dabez.

gotzania Kongoko ED
gotzania Kongoko ED
Iñigo Iriarte
gotzania Kongoko ED
gotzania Kongoko ED
Kilima zentroko aretoan

Nkanga

Nkanga herrixka be bisitatu dabe. Hemen hasi zan ebanjelizazinoa 1910ean, beneditarren eskutik. Hemen be lan asko egin dau Xabier Goikuriak, otoitz eta barneratze eremua izan daiten; gainera, ganorazko eskola eta osasun-etxea eraiki izan ditu.

gotzania Kongoko ED
gotzania Kongoko ED
Osasun-etxea Nkangan

gotzania Kongoko ED
Nkanga

Bunkeya

Iriartek jakitera emon deuskunez, azken orduetan Bunkeyara be iritsi dira eta “harrera oso ona izan dabe monja misiolari karmeldarren eskutik. Honeek ospe handiko ospitale handi bat kudeatzen dabe eta baita emakumeen sustapenerako ‘foyer’ (etxea) dalakoa be. Bunkeyako kristauek be kantuz eta pozarren hartu gaitue. Alkarregaz egon gara eleizan”. Gaur Mufungarantz atarako dira.

Une zirraragarriak

Iñigoren esanetan, “atzo une bizi eta zirraragarriak” bizi izan ebezan Panda Likasiko St. Joseph kristau alkartean. “Mezak ordu bi eta erdiko iraupena izan dau. Kantu eta dantzak nagusitu dira. Joseba gotzaina izan da buru swahiliz ospatu dan eleizkizunean. Homilian, Xabier Goikuriak berak itzuli ditu gotzainaren berbak.Gotzainak esandako gehienak berari eta 57 urteotan egin dauan lanari eta jenteak deutsan maitasunari buruzkoak ziranez, Xabier hunkitu egin da eta kostatu egin jako berba egitea”. 

El obispo de Bilbao, Joseba Segura y Xabier Goicouria durante la visita al Centro Kilima.