02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
02.07.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Udako doinu eta soinuez beteta agertu da aste honetan weba: kanpamentuak, San Pedro eta San Paulo Egunak eta Tourrak gure lurraldera ekarri dauan kolore horia.

Bilboko Eleizbarrutiko 250 gazte inguru mobiduz, hainbat erakunderen eskutik beste hainbat lekutan garatzen diran udako kanpamentuak iragarri dira webean.

Gazteen saileko Maite Morezuelasen esanetan, “talde bakotxak bere erara, eta bere aukeren arabera, jardungo dau; garrantzitsuena, neska-mutilek esperientzia egokia izatea da, ikasi daien, pertsona lez hazi daitezan eta Jainkoagaz bat egin daien”, izadian edo aisialdian.

Izendapenak

Web orrialdean jakitera emon danez, Astrabuduako Bruno Bonet da EKO-ACG mobimentuko presidente barria datozan lau urtetarako, Josema Incierteren lekua hartuz. 

Gainera, irailetik aurrera, hainbat abadek, diakonok eta ordaindutako pastoral mandatua daben laikok izendapen eta kargu barria izango dau. Gotzain Kontseiluak dagokien alkarteei jakitera emon ondoren, komunikabideetarako sailak horreen barri emon dau web honen bidez.

Otoitzaren apostolutza

Beste alde batetik, aurretik Alkarren Barri-Comunicación aldizkarian agertu zan barria gogoratuz, webean jakinarazo danez, Lujan Mejias da Aita Santuaren Otoitzerako Munduko Sarearen Eleizbarrutiko zuzendaria. Bilboko Eleizbarrutian, lehenengo aldiz emon jako norbaiti mandatu hau, hilero aita santuak bere otoitzean kontuan dituan asmoak lurraldean zabalteko.

Diakonotzarako Eleizbarrutiko Batzordea

Diakonotzarako Eleizbarrutiko Batzorde barriak ospatu dauan lehenengo batzarraren barri be emon da webean. Diakonotzararen Direktorioan jasoten dan lez, Nestor Aras abadeak zuzenduko dauan batzordean pastoral bizitzako askotariko eremuan egongo dira ordezkatuta: Javi Garcia (abadeak), Juan Mujika (diakonoak) eta Estrella Moreno (laikoak).

 

Astekoak

Bizkaia Irratia

Filipinetara misiolari doala-eta Jaione Lopez elorriotar gazteak Bizkaia Irratiari eskaini deutsan alkarrizketa be nabarmendu da web orrialdean.

Jaionek alkarrizketan esan dauanez, umetatik egon da parrokiari lotuta, katekesian eta gazteen taldeetan. Beranduago, unibertsitatean egoala, Ipar-Hegoaldea ikastaroa egin ebanean, Kenyan misiolari dan Matilde Rivera monja marianitaren lekukotasuna entzun eta misino bokazinoa garatzen hasi zan.

Bizkaia isilik

Eleizbarrutiko hainbat herritan, hilero, hilaren azken eguaztenez, etorkinen alde egiten diran ‘Bizkaia isilik’ bilkuren barri be emon da.

Ekaineko bilkura honetan, ekainaren 14an, Greziako kostaldeko zoritxarreko hondoratzean izandako gertaerak salatu dabez. ACNUR eta OIM erakundeen iturrien arabera, orain arte 104 lagun erreskatatu dabez eta 82 hilotz berreskuratu eta 500 lagun baino gehiago dagoz desagertuta, tartean, 100 ume.

Pertsonen salerosketari buruzko jardunaldia

Astekoak Eleizbarrutiko asteko barrien artean, Madrilen ospatu dan pertsonen salerosketari buruzko jardunaldian Eleizbarrutiko ordezkaritza be izan dala aitatzen da.

Gizarte Pastoraltza eta Giza Sustapenerako Gotzainen Batzarreko Batzordeak antolatutako ekitaldia zan eta Marije Calvo Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzako migrazinoetarako saileko arduraduna izan zan Bilboko Eleizbarrutiko ordezkaria.

Marije Calvok azaldu dauanez, koordinatzaileak lehenengo aldiz batu dira pandemiaren ostean. Bere esanetan, “komunikazinoa egon da, akarrizketa eta proposamenak pertsonen salerosketaren aurrean sentiberatasuna bizteari begira. Oso ondo egon da”.

Olibondoa, Adiskidetasunaren Basoan

Webean jakinarazo danez, joan dan martxoaren 24an Bilboko katedralean ospatu zan gehiegikerien biktimen aldeko otoitzaldian aurkeztutako olibondoa Deriora eroan dabe.

Bilboko Eleizbarrutian sexu gehiegikerien biktimen alde ospatu zan ekitaldian, zeinu adierazgarri bi aurkeztu ziran: plaka eta olibondoa. Plaka, “gure Eleizan izan diran gehiegikerien biktima guztien oroimenez”, katedraleko klaustroan ipini da. Biblian sinbolismo handia dauan olibondoa, bariku honetan landatu da Derioko Adiskidetasunaren Basoan.

2023-24 kurtsoaren hasiera

Eleizbarrutiko 2023-24 kurtsoaren hasiera iragarriko dauan kartelak be izan dau lekua webean.


Erreka Multimediako Fran Sanzek egin dauan kartelean, alkarri lotuta dagozan pertsonek osatzen daben eta, aldi berean, beste batzuk be sartu daitezan zabalik dagoan zirkulua ikusi daiteke. Atzea emoten dagoz, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoaren irudiari, koloretako arrosa-leihoari, begiratuz. Pertsonak zuri-baltzez dagoz eta aniztasun handia, Bizkaiko Eleizaren mila koloreak erakusten dabez. Zuri-baltzez dagozan pertsona horeek, ‘la fuerza del testimonio – lekuan lekuko’ logoak eta goiburuak zabaltzen dabezan askotariko kolorez tindatu gura dabe.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak