Eleiza katolikoak deitutako Itxaropenaren Jubileuaren barruan ospatuko dan ekitaldi hau egun horretarako beren-beregi jubileu tenplu izendatutako Elorrioko Sortzez Garbia basilikan ospatuko da. Kurtso hasierako baterako ekitaldia Bilboko eleizbarrutiaren 75. urteurreneko ekitaldien artean dago. Urteurreneko ekitadioi azaroaren 9an emongo jake amaiera Santiago katedralean.
Bost ibilbide oinez
Goizeko 10:00etan emongo jako hasiera jardunaldiari, partaideei harrera egin ondoren hasierako otoitza eginez. Ondoren, udalerriko leku esanguratsuetatik igaroko diran bost ibilbide edo erromesaldi burutuko dira.
Monja domingotarren monasterioa, 1988an altarara goratu eben eta Bizkaiko zaindarietako bat dan Berriotxoako San Balendin gotzain martiriari eskainitako museoa jasoten dauan komentu errenazentista.
Argiñetako nekropolia, goiz erdi aroko hilobi-multzoa; VII. eta IX. gizaldien arteko hogei hilobi eta bost hilarri baino gehiago dago bertan eta Euskadiko kristau aztarnategirik zaharrenetakotzat joten da.
Etxebarriako San Agustin eleiza, XV. gizaldiko tenplu gotikoa non hilobi momifikatuak eta erretaula platereskoa dagozan.
San Antonio Abadea ermita; herritarrek ohikoa dabe urtarrilean bertara joan eta abereak bedeinkatzea.
Maria Bitarteko Ikastetxea, 1971ean sortutako eleizbarrutiko ikastetxea. Heziketa-eredu da Bizkaian eta herriko kultur eragile.
Ibilbide guztiak Elorrioko Sortzez Garbia basilikan amaituko dira. Bertan, banako autortzak izango dira gura dauanarentzat (11:30-12:00). Eguerdiko 12:00etan hasiko da kurtsoaren hasierako ekitaldia eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala ospatuko dan Eukaristia.
Irailaren 20ra arte izena emon daiteke
Kurtso hasierako ekitaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena emotea, eta hori irailaren 20ra arte egin daiteke. Eleizbarrutiak Bizkaiko bikaritza bakotxetik atarako diran autobusak jarri ditu eta aholkuak emon ditu garraio publikoa erabili gura dabenentzat.
💶 Kostua: 20 € autobusagaz (gosaria eta luncha barru) / 15 € norbere kontura joan ezkero.
📲 Izena emotea: Eleizbarrutiko webean.
💳 Ordainketa: Bizumez 38094 zenbakiagaz edo dirutan egunean bertan autobusetan.
Jardunaldi irekia
Ekimen hau ez dago bakarrik fededun katolikoei zuzenduta eta ondarearen eta historiaren inguruan jakin-mina dauan edo esperientzia kultural eta espiritual berezia bizi gura dauan edonork parte hartu leike. Irailaren 28an, domekaz, eleizbarruti osoko parrokiek hartuko dabe lekukoa kurtsoko lehenengo kanpaina ospatzeko.