Mahai-ingurua Markinan emakumearen egitekoari eta Bizkaiko Eleizaren sinodo-senari buruz
Garizumako ekitaldien barruan, mahai-ingurua ospatu zan Markina-Xemeingo Mesedetako Ama eleizan.Ane Cortina, Esther Crespo eta Esti Duranek euren lekukotasunak emon ebezan Sinodo-seneko Eleizari buruzko Sinodoan parte-hartzearen ginguruan.
Berrogeta hamar lagun ingururen aurean, sinodo-prozesuaren ekarpen, erronka eta argilunen inguruan jardun eben “fede eta konpromisozko ikuspuntutik”. Nazinoarteko oroipenagaz bat, emakumeek Bizkaiko Eleizan daben egitekoaren garrantzia be nabarmendu eben.
Herriko eleiza nagusi biek -Markina-Xemeingo parrokia eta aita karmeldarren Karmengo Ama eleiza- batera antolatzen dabez Garizuma-aldiko ekitaldiak, alkarte osoari ospakizunetan parte hartzeko aukera emonez. Beraz, Garizuma-aldiko barikuetan, txandaka egiten dabez jardueran eleiza batean eta bestean: Mesedetako Ama parrokian, hiru saio izaten dira eta karmeldarren eleizan bi.
Mahai-ingurua
Garizuma-aldi honetako hirugarren ekitaldia, mahai-ingurua izan zan eta sarrera eta heziketa-saio bihurtu zan hurrengo saio biei begira. Honeetan, Kurutze-bideak egingo dira, lehenengoa Karmengo Ama eleizan eta bigarrena Mesedetako Ama eleizan eta sinodo-bideari lotutako proposamen berezia egingo da. Azken ibilbidean, hamalau jarrera -egonaldi bakotxeko bat- aurkeztuko dira sinodo-sen handiagoko Eleiza eraikitzeko, sinodo-seneko Eleizari buruzko gogoeta Garizuma-aldiko ohitura herrikoi eta espiritualagaz lotuz.
«Holan -azaldu eben azkenean-, hiru emakumeon lekukotasunak, emakumeak Eleizaren bizitzan dauan egitekoa agertzeaz gainera, bidea zabaldu dau, fede eta alkartetik, Bizkaian sinodo-prozesuak aurrez aurre jarten deuzkuzan erronka eta itxaropenetan sendotzen jarratu dagigun».
Sestao PBak omenaldia egin deutse 5 emakumeri
Sestaoko alkarteak karisma askotako emakumeei egin deutse autorpena: monja eta katekistari, abeslariei, emakumemigratzaile eta Caminantes taldearen sustatzaileari.
Esker ona adierazo jaken eta, Ruten liburuko kontaketa abiapuntutzat hartuta, emakume-alkartasunak arlo guztietan, eta zehazki gure Eleizan, alkarteak sendotuz eta Jainkoaren egitasmoa agertzera emonez, sortzen dauan indar eta itxaropenaz gogoeta egin zan.
Sestao PBtik azaldu dabenez, “Eleizan alkarregaz bide egiteak erakusten deuskunez, sinodo-sena ez dala ideia modernoa Bibliak sustraitutako bizimodua baino. Fedean euskarria daben emakumeek alkarregaz bide egitea erabakitzen dabe. Hau gertatzen danean, hau da, gizon eta emakumeek Eleizan alkarregaz bide egitea erabakitzen dabenean, itxaropena berbiztu egiten da eta Jainkoaren herriak indar eta batasun handiagoz egiten dau aurrera. Eskerrik asko Maria, Ester, Marisa, Rosa Mari eta Mairari era batera edo bestera gure alkartea aberasteagaitik”.






