16-02-2026 Lunes, VI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Erandion ospatuko da bake eta adiskidetzearen aldeko XII. Bake Topaketa
16.02.2026

Erandion ospatuko da bake eta adiskidetzearen aldeko XII. Bake Topaketa

Otsailaren 21ean, bakearen aldeko eleizbarrutiko topaketa ospatuko da Erandioko San Agustin parrokian, "Reconciliación... bidean" goiburuaren haritik. Indarkeriak eragindako sufrimentuaren oroimen eta autortzarako ibilbideetan sakonduko dau. 

Bizkaiko Eleizak XII, Bake Topaketa, bakearen aldeko urteroko ekitaldia, ospatuko dau otsailaren 21ean, zapatuz. Erandioko San Agustin parrokian (metro-geltokiaren ondoan) da hitzordua, 10:00etatik 13:00era.

“Reconciliaciñon… bidean” goiburuaren harira eta Bake eta Adiskidetzerako Batzordeak antolatuta, indarkeriak eragindako sufrimentuaren oroimen eta autortzarako bideetan sakontzen jarraitzea da helburua. 

Otoitz, entzute eta alkarrizketarako eremua proposatuko da, oraindik itxi barik dagozan zauriak autortzeko, makina bat lagunek bakearen alde egiten diharduan lana eskertzeko eta oroimen eta adiskidetzerako baterako bideak sendotzeko.

Errealitatearen irakurketa sinisteduna izango da ardatzetako bat. Azken hilabeteotan, lurraldeko hainbat kristau alkartetan alkarte bereizketarako dinamika hau landu izan dabe. Beronen bidez, inguruko indarkeriazko egoerei Barri Onaren argitan begiratu gura jake, errealitate hori bihotzetik pasatu eta atsekabea autortu eta etorkizuneko zerumuga barriak zabaltzeko.

Goizeko egitaraua

Harrera San Agustin parrokian izango da, 10:00etatik aurrera

10:15: aurkezpena eta topaketarako motibazinoa.

10:25: alkarte otoitza, lurraldez lurralde egindako irakurketa sinistedunaren oihartzun eta ikaskuntzak batera jarriz.

11:15: alkarrizketa taldeetan, oinarrizko itaun biren harira: ze gatazka bizi dogu alkartean eta lurraldean eta zelan sortu adiskidetzea sustatzeko alkarte eta eragileak.

12:00: bateratze-lana.

Ekitaldia 12:30 eta 13:00 bitartean amaituko da Erandioko kaleetan egingo dan oroimen eta adiskidetzerako ekintza eta ibilbideagaz. 

Parte hartzeko deia

Antolatzaileek deialdia egin deutse pastoral eragileei alkarteetan motibazino-lana egin dagien, jentea Bake topaketara joan daiten eta Erandiora joan-etorria antolatzeko eskatu deutsie. Gauzak hobeto antolatzeko, web orrialde honetan eskuragarri dan orrira jo eta aldez aurretik izena emotea da egokiena. 

Lagungarriak: hemen.

Oroimenez betetako lekua

Sinbolismo handiko lekuan ospatuko da XII. Bake Topaketa. Erandion, non lapa-bonba batek Fabio umea hil eban, ospatuko da, hain zuzen be, gertaera latz horrek herritarren oroimenean bizirik irauten dauan zauria eragin eban herrian.

Kerman Lopez bikario nagusiak topaketan parte hartzera egiten dauan deialdian, Leon XIV.a Aita Santuak urtarrilaren 1eko mezuan egin eban deia jaso dau: “Kristauek, bat eginda, Jesusen bake armagabetu eta armagabetzailearen lekuko bihurtu behar dabe era profetikoan, sarritan gaizkide izan diran zoritxarrak gogoratuz”.

Eleizbarrutiko Batzordeak, dei egin dau, “kontzientzien eta pentsamendu kritikoaren esnatzea sustatu” dagigun.

Cartel de anuncio del Bake Topaketa

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Bake Topaketa