Barria izenagaz, Areetako (Getxo) Mesedetako Ama parrokiako lokal zaharretan dago. Sei urtez egon dira itxita.
Sei hilabete inguru iraun daben zaharbarritze-lanen eta 85.000 euroko inbertsinoaren ostean, barriro zabaldu dabez lokalak. Helburua, argia da: alkartearen esanetara jarri.
Ekimenaren sustatzaile dan Areeta-Romo Pastoral Barrutitik azaldu dabenez, “Barria, Getxon premina gehien dabenentzako alkargune, entzuteko gune eta laguntasunerako gune izatea gura dogu”.
Egitasmoaren sorrera ez da isolatua. Bitarteko honen erabilera dala-eta, kontuan izan dabez herrian lanean diharduen gizarte erakundeak, esate baterako, Lagungo Fundazinoa, Cáritas eta Getxo Zurekin. Bitarteko eta esperientziak batu eta erantzun koordinatuak emotea da helburua.
Lokal konpartitua
Lagungo Fundazinoak bultzatuta, familia biderapen eta terapiarako eremua martxan jartzea izango da eskainiko dan lehenengo egitaraua. Guraso bakarreko familiei -kasu askotan, egoera eskasean dagozan emakumeak dabez buru-, gizarte bazterketa jasaten daben gazte eta adintxikikoei, europar jatorria ez daben migratzaileei eta behartutako bakardadea jasaten dabenei zuzenduta dago.
Behartutako bakardadea izango da Harremanak egitasmoaren ardatza. Herriko hainbat gizarte erakundek esku-hartzen dau ekimen horretan -Caritas, Argia Fundazioa, Getxo Zurekin, Sortarazi, Gaude, Ibarnagusia, Kurutze Gorria, EurGetxo, Gizatiar eta Sarekide.
Arduradunen esanetan, “Harremanak bakardadea jasaten daben pertsonen arteko benetako gizarte sareak eratzeko sortu da, parte-hartze eta inklusinorako eremuak atontzeko eta Getxoko gizarte erakundeak batzeko, indar eta bitarteko guztiak alkartearen esanetara jartzeko”.
Esker ona
Pastoral Barrutitik esker ona adierazo dabe hainbat erakunderen eskutik pandemiatik itxita egon diran lokalak zaharbarritzeko jaso daben laguntzagaitik. Gondra Barandiarean Fundazinoa, Victor Tapia Fundazinoa, BBK Fundazinoa eta “La Caixa” Fundazinoa dira erakundeok.






