22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eremu publikoko pertsonen ‘Foro Alkargunearen’ II. ekitaldia
06.11.2024

Eremu publikoko pertsonen ‘Foro Alkargunearen’ II. ekitaldia

Atzo ospatu zan Bilbon 'Foro Alkargunearen' II. ekitaldia Bilbon. On Joseba Segura gotzaina bertan zala eta Sebastian Mora Comillaseko Pontifize Unibertsitateko etika-irakasleak gidatuta, hainbat aukera politikotako pertsonak eta unibertsitate, eleiz, sindikatu eta gizarte arlokoak batu ziran. "Sinodo-seneko Eleizaren ikuspuntutik gaur egungo erronka etiko, ekonomiko, kultural eta sozialak aztertzeko eta horreen inguruan alkarrizketan jarduteko topaguneak sortzeko" helburuagaz sustatutako Eleizbarrutiko gizarte asteen barruan ospatu zan ekitaldia. Atzoko gogoeta eta ondorio nagusiak Valladolidera bialduko dira, azaroaren 8 eta 9an ospatuko dan Espainiako XLIV. Gizarte Astera. 

Foro Alkargunearen´ bigarren ekitaldi honen helburu nagusia, “bategitearen kultura” sustatzeko bideak aurkitzea izan da, holan, Frantzisko Aita Santuak “Fratelli tutti” entziklikan egiten dauan deiari erantzun ahal izateko.

Eremu publikoko askotariko eragileek parte hartu eben Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzak, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak, Caritasek eta Misinoetarako Ordezkaritzak sustatutako ekimenean.

Alkarrizketa ireki eta iradokitzailea

Saioa, bizia, zintzoa, begirunetsua eta aberasgarria izan zan. Partaideek askatasunez emon eben euren eretxia Sebastian Morak aurkeztu eta alkarrizketa gidatzeko baliagarri izan zan hainbat gairen inguruan.

Partaideek, batzuetan, bizitza publikoan hartu-emonerako eragozpen diran giltzarri sozial, politiko eta kulturalak aitatu ebezan. Esate baterako, eztabaida interesgarria biztu zan kontu honen inguruan: ia gizartea benetan polarizatuta dagoan ala hori “zirku” politikoan berotu eta hedabideetan zabaldu egiten dan gauza dan.

Eleizak bizitza publikoan alkarrizketaren eragile ala oztopatzaile dan be eztabaidatu eben eta era guztietako eretxiak batu ziran. Eutanasia, abortua, komunikabideen egitekoa kontaketan, pertsona ahulenak dagozan bazterrak…, eta eztabaida eragiten dauan beste hainbat gairen inguruan be jardun eben.

Sebastian Mora pastoral eragileakaz

Comillaseko Unibertsitateko irakasleak, gainera, gedearen karidade alderdiaren inguruko berbaldia eskaini eban goizez. Besteak beste, boluntarioen egitekoari buruzko giltzarri interesgarriak aitatu ebazan. Kristautasunak, batzuetan, nahikoak ez diran planteamentuak dituala be esan eban, bakarrik “emozionalari, norbere buruaren osotasunari, etikoari edo arauak betetzeari” lotuta egoten diralako. 

Bere esanetan, gizarte honetan, “alkartea sortzea” da “kontrakulturalena”, beraz, adierazo ebanez, “gaur, sekula baino gehiago alkartea sustatzea” aldarrikatu eban. 

Morak “birsortzea” aitatu eban, dagoana ez errepikatzeko. Fededunontzat, “partaidetza sozial eta publikoa hil edo bizikoa” dala be esan eban.

Sebastian Mora
Gotzaina eta gotzain kontseilua goizeko saioan izan ziran
Participantes en el Foro Alkargunea 2024