Gaurtik aurrera, gehiegikeriak jasan dabezan adin txikikoen argazkien erakusketa ikusi daiteke Eleiz Museoan. Europako Batzordearen babesa dauan erakusketa hau Guido Fluri haurren babesaren aldeko mobimentuaren sustatzailea buru dauan ‘Justice Initiative’ erakundearen eskutik egiten da. 2019an, Frantzisko aita santuak audientzia pribatua emon eutsan Fluriri Eliza katolikoak Suitzan egindako gehiegikerien inguruan berba egiteko. 2020an, Flurik gehiegikeriei aurre egiteko europar ekimena iragarri eban.
Flurik berak aurkeztu dau erakusketa non Europa osoan, askotariko eremuetan, gehiegikeriak jasan eta biktima bihurtu ziran 100 adin txikikoren argazki jasoten dan.
Bikario Nagusiak, ardurak hartzea ezinbesteko dala dino
Kerman Lopez bikario nagusiak jardun dau “hasieratik ekimen hau babestu dauan” gotzainaren izenean, izan be, “ezinbesteko dogu Bizkaitik umeentzako seguruagoa dan Europaren alde jardutea”.
“Gure Eleizan” be gehiegikeriak gertatu izan dirala autortu ondoren, egoeta kontuan hartu dau. Bere ikuspuntutik, “hedatuta dagoan arazoa bada be, orain ordezkatzen dogunok ez gaitu erantzukizunetatik salbuesten”.
Adin Txikikoen aurkako Gehiegikerietarako Batzordea
Bikario nagusiak 2019an martxan jarri zan Adin txikikoen babeserako eta gehiegikerien prebentzinorak Batzordearen helburuen garrantzia nabarmendu dau: “erreparazinoa, gertatutakoa ikusita eta, etorkizunari begira, ez errepikatzea”. Honen haritik, garrantzitsutzat jo dau “kontzientziatzea eta gure taldeetan, gure ikastetxeetan eta gure parrokietan leku seguruak eratzea”. Horretarako, heziketa jarri da martxan, eleiz inguruetan sexu gehiegikeriak prebenitzeari begira.
Kerman Lopezek amaitu baino lehen esan dauanez, ezinbestekoa da “sentiberatasuna biztea” eta horregaitik Bilboko Eleizbarrutizk “zalantza barik” babesten ditu honako ekimenak.