06-05-2024 Lunes, VI semana - pascua
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Omenaldia Jose Luis Longarteri Indautxuko Karmeneko Ama parrokian
24.04.2024

Omenaldia Jose Luis Longarteri Indautxuko Karmeneko Ama parrokian

Gaur arratsaldeko seiak eta erdietan Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian ospatuko dan ekitaldian omenaldia egingo jako Eleizbarrutian, Langile Pastoraltzaren arloan eredu izan zan eta 2023.eko ekainaren 4an hil zan Jose Luis Longarteri. Langile nekaezin eta konprometitua izan zan giza eskubideen, langileen duintasunaren autorpenaren, bakearen..., alde eginez etenbarik.

Bihar, maiatzaren 1eko bezpera egunetan, Jose Luis Longarteren bizitza eta ekintzak izango diran gogoan. 

Ekitaldia Lan Pastoraltzak antolatutakoa da. Longarteren lekukoa hartu gura dabe eta mundu hobe baten aldeko lanean jardun.

Longarte

Lekukotzak eta alkarrizketea

Ekitaldian, ‘Yunque’ bildumako 51. liburxka aurkeztuko da, “Konpromisozko bizipenak” goiburuagaz, konpromisoan oinarritutako bizitza agertzen daben ohar autobiografikoez osotuta.

Bideoa aurkeztuko da, sindikatu, lan eta eleiz eremuko hainbat lagunen lekukotasunagaz: Rafa Diez Usabiaga (LAB), Angel Toña, Loli Garcia (CCOO), Alvaro Marcos (Ezker Gogoa), Mikel Noval (ELA) eta Andoni Gerrikaetxebarria.

Ondoren, Koldo Campo kazetariak moderatuko dauan mahai-ingurua ospatuko da. Lan-sindikatu, politika-gizarte arloetako eta Langile Pastoraltzako ordezkariek esku-hartuko dabe, hain zuzen be, Javier Alonso Lan Harremanetarako Batzordekoak (jubilatua), Arantza Fernandez de Garaialde Hitz&Hitz Fundazinokoak eta Maite Valdivieso Langile Pastoraltzakoak. Jose Luis Longarteren bizitzaren ardatz eta balioak, honeek bizitzeko era eta gaur egun berarengandik jasoten dogun lekukoa aztertzeaz batera. bere lan eta konpromisoari, “bere bizitza eratu eben balio horreei”, jarraipena emoteko bideak arakatuko dabez. 

Alkarrizketan zehar Longartek bizi izandako baloreak eta bere bizitza lekukotza izango dira ardatz nagusi. “Hortik abiatuta, aurrera begirako ekintzak zehaztuko dira”, dinoe Lan Pastoraltzatik.

On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzainak ekitaldiari amaiera emongo deutso.