450 lagun III. eta VII. bikaritzetako BIKA EGUNEAN
Bilboko bikaritzetako 10 eta 18 urte bitarteko ume, gaztetxo eta gazte batu ziran atzo Indautxun, Bika Egunean parte hartzeko.
Eguraldi ona lagun ebela, jarduera ugari eta giro ona izan ziran nagusi: otoitza, konpainia ona, jokoak, musika eta tailerrak. “egun bikaina”.
Gazte-jentearen ibilbidea bazterketa-egitasmoan
Kurtso honetan, Portugaleteko Ama Lur eta Andra Mari, Sestaoko Gaztederrak eta Bilboko San Vicente taldeek bazterketa-egitasmoaren ibilbidea egiten dihardue, bazterketa eta ahultasunaren munduan gazteak Jesusen Jainkoagaz alkartzea ahalbidetzeko helburuagaz.
Azken hilabeteetan, pobretasun, ahultasun eta bazterketazko errealitatea ezagutu dabe taldeetan gogoeta eginez eta Caritas Bizkaia, Hazbide, Itaka eta frantsizkotarren erakundeetan boluntario-lana eginez.
Asteburuan, bizi izandako esperientziaren irakurketa sinisteduna ebin dabe Bilboko San Bizente parrokian.
Otoitz eta alkartasun giroan, ikastiakoak, galderak eta esperientzia aberasgarri honek itzitako arrastoak batera jarri dabez, Jesus makina bat keinutan eta pertsonarengan atzeman dabela agertuz eta Jainkoaren ametsean parte hartzen eta amets hori eraikitzen jarraitzeko deia nork bere eginez. Errespetua, ezintasuna, irribarreak, laguntza, hobetzea, esker ona, zoriona, alkartea, lekua, konpromisoa, zuzentasuna, itxaropena… berbat entzun dira egunean zehar, datozan asteetan burutuko dan ekin aldia sustatuz.
“Orain, ikasitakoa eguneroko bizitzara, talde eta alkarteetara eroatea dagokigu, Jesusen atzetik jarraitzeko eta zuzentasun eta senidetasun handiagoko munduaren eraikuntzan gure konpromisoari eusteko”.
Ekintza Katoliko Orokorreko gazte-jentearen konbibentzia
Asteburuan, Ekintza Katoliko Orokorreko Gasteiz, Zaragoza, Logroño eta Bilboko 60 gaztek -23 Bilboko eleizbarrutikoak- konbibentzia egin dabe Altsasun.
“CONFLICEGADOS. Normalizar la guerra es también el problema” goiburuaren haritik, munduan indarrean dagozan gatazka armatuetan jarri dabe arreta.
Allende Alegria EKO-ACGeko gazteen sektoreko arduradunak azaldu dauanez, “gazteok hiperkonektatuta bizi gara eta informazino gehiegi eukitzeak arreta galtzea dakarsku eta gatazka armatuak urruneko, ohiko bihurtzen jakuz eta ez deuskue zirrararik eragiten”.
Txangoa Sestao Pastoral Barrutitik Azpeitiara
Sestao Pastoral Barrutiak urteroko txangoa egin eban atzo. Adin guztietako jenteak parte hartu eban, baina gazte asko joan zanez, sail honetan sartu dogu barria.
160 lagunetik jora joan zan txangoan eta, bestea, beste, trenaren Azpeitiako museoa bisitatu eben, garraiobide honen inguruko bitxikeria eta historia ezagutuz, eta, ondoren, Loiolako San Inazio santutegia, non Eukaristia ospatu eben Jaime Pizarro pastoral moderatzailea buru zala.
Soreasuko San Sebastian eleizako lokaletan -parrokoak itzi eutsezan- bazkaldu eben eta erromeria eta jaia ospatu eta bueltan adierazo ebenez, “egun ederra ospatu eben, pozez, ilusinoz eta alkartasunez betetako eguna”.






