Topaketa, ospakizuna eta otoitza nabarmenduko dira eta, aldi berean, pastoral ekiturte barrirako ildo nagusiak aurkeztuko dabez. Gazte-jenteaizango da protagonista, talde antolatzailean txertatu da-eta. Gazteek euren gain hartu dabez ekitaldiaren prestaketa eta antolaketan.

Goazen ekitaldian, Bizkaiko Eleizako belaunaldi eta sentsibilitate desbardinak batu gura dira. Gainera, nahiz eta parrokia, mobimentu edo taldeetan ez egon, egun horretan hurreratu eta ekitaldian parte hartu gura dabenentzat be ateak zabalik dagoz.
Parte hartu gura dabenek izena emon dagiela beren-beregi jarduera honetarako prestatu dan orrian.
«Alkartuta» goiburuaren haritik
«Alkartuta» goiburuak agertzen dau Bizkaiko Eleizak kurtso barriari zelan ekin gura deutson. Pertsonen, alkarteen eta karismen arteko loturen garrantzia nabarmentzeaz batera, alkarregaz aurrea egitea ezinbesteko dala azpimarratu gura da.
Eleizak egiten diharduan sinodo-bideari lotuta dago, gainera. Sustatu gura dan alkarte bizitzaren ezaugarriak be agertu gura ditu: entzutea, parte-hartzea eta ardurakidetasuna.
Gazte-jentea, protagonista prestaketan
Gazte-jentea antolakuntzaren parte izatea da ekitaldi honen bereizgarrietako bat. Gazteak ez dira hartzaile hutsak izango, eta egiteko eraginkorra dabe prestaketan eta sustapenean.

Gazteek oraingo eta geroko Eleizaren eraikuntzan asko emon daikiela agertu gura da, besteak beste, euren begiradak, ekimenak eta fedea bizitzeko eta adierazoteko erak agertuz.
Durango, topagune
Goizeko 10:00etan, Durangoko basilikan batuko dira partaideak. Gero, besteak beste, herriko leku esanguratsuak bisitatuko dabez, ospakizuna, kultura eta bizikidetza buztartuz.
Egunean zehar, ez da musika, otoitz, solasaldi eta ospakizunik faltako eta, aitatu dan lez, Durangoko leku esanguratsuak bisitatuko dira, bertan tailerrak garatzeko. Klaratarren komentua, Santa Ana eleiza, Zugaza zinea, jesuiten ikastetxea eta San Antonio ikastetxen izango dira jarduerak eta ekitaldi nagusia, basilikan.

Juanjo Elezkano eta Unai Mangasek jardungo dabe egunaren lehenengo zatiaren amaieran. Ezustekoren bat egongo da «Alkartuta» goiburuari lotuta, kurtso barriaren sena era berezian agertzeko.

Marmitakoa, alkartasuna eta erromeria
Jai-giroan ospatuko dan jardunaldian, goizeko jardueren ostean, partaideek marmitakoa jango dabe San Antonio ikastetxean. Solas eta senide giroari jarraipena emoteko aukera izango da.
Arratsaldean, erromeria egongo da eskaut mobimentutik sortutako Pakemba taldearen eskutik. Holan amaituko da alkartea eta alkarteko kideen arteko loturak sendotzea xedetzat dauan eguna.

Ekitaldiak domekaz jarraipena izango dau parrokietan
“Goazen 2026” ekitaldiak jarraipena izango dau biharamunean, irailak 27, parrokietan, Durangoko esperientzia eta “Alkartuta” sena alkarteetara eroanez.
Egun berean, Caritas Bizkaia erakundearen kurtsoko lehenengo kanpaina ospatuko da. Batu daiten dirua parroientzat eta erakundearentzat izango da. Kurtso barriaren hasiera ahuleziazko egoeran dagozanen aldeko konpromisoagaz lotuko da.
Goazen 2026 2026-2027 kurtsoaren hasiera ofizialean “Alkartuta” giburuaren sena bizi eta sustatu gura da, belaunaldi desbardinek osotutako Eleiza garala eta bidea alkarregaz egin behar dogula nabarmenduz.







