Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Eguna, Gogoan-por una Memoria Digna Gernikako taldeak jarduera bi antolatu ditu. Gaur arratsaldez izango da lehenengoa, hain zuzen be, Kepa Aulestiaren berbaldia.
Bihar, eguaztena, 19:00etan, Gernikako Elai-alai aretoan ‘GESTO’ Bakearen aldeko Koordinadorari buruzko dokumentala proiektatuko da. Osteko barriketaldian, Galo Bilbaok (BAMeko irakasle eta Bake eta Aiskidetzerako Eleizbarrutiko batzordeko kidea) eta Itziar Aspuruk (Bakearen aldeko Koordinakundearen sortzaileetako bat) parte hartuko dabe.
Gogoan-Por una memoria digna taldeak Gernikaldea Pastoral Barrutiagaz batera antolatu dau emonaldi-barriketaldi hau. Sarrera doan da leku guztiak bete arte.
Bakearen aldeko Koordinakundearen hazia
‘GESTO’ dokumentala Euskal Herrian jasandako indarkeriaren aurka kalera atara ziran herritarren oroitzapenean oinarrituta dago. Horretarako Bakearen aldeko Koordinakundearen ibilbidearen errepasoa egiten da. Zelan eta non sortu zan Gesto?
Gestoren hazia parrokia inguruan erein zan, Pili Aspuru eta Eloisa Larreak 2011ko Alkarren Barri aldizkariaren ale baten jasotako alkarrizketan azaldu ebenez. Euren esanetan, Alde Zaharreko Santiago parrokiako lokaletan hasi zan dana. Argi gogoratzen dabe 81ean, bizitza azterketaren eta kristau militantziarako sarbidearen ostean, ekintzara jotea erabaki eben, orduan bizi eben “egoera larriaren” aurrean, herritarren artean. sentiberatasuna bizteko. Ia egunero gertatzen ziran atentauen aurrean gaitzespena agertzea pentstu eben. Isilik atara ziran, kartelakaz, erahildako pertsonaren izena erakutsiz. Parrokian be ez eben euren asmoaren barri emon, “gazte eta ausart ginan”, dinoe, “hasiera-hasieratik irainak jaso genduzan-eta”.
83ko ekainean jarduera bi burutu ebezan eta udan gelditu egin ziran. Hurrengo kurtsoan, garrasia Deustuko Unibertsitatera, Itakara eta parrokietako taldeetara hedatu zan. 1985ean, bilkura isila eginzan Bilboko Plaza Zirkularrean eta, beranduago, Bakearen aldeko Koordinakundea eratu zan.