22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Gizakia: “Ez dogu apartekorik antzeman fentaniloaren kontsumoari dagokionez”
03.11.2023

Gizakia: “Ez dogu apartekorik antzeman fentaniloaren kontsumoari dagokionez”

Asteburuan Bizkaiko parrokietan batu daiten diruaren zati bat Gizakia fundazinoari emongo jako. Eleizbarrutiko aurtengo jardunaldian, mendekotasunak dabezan emakumeengan jarriko da arreta, izan be, "beren-beregi eurei zuzendutako erantzunak behar dabez", Ignazio Palaciok alkarrizketa honetan adierazo dauanez. Palaciok Estibaliz Barronen lekua hartu dau Gizakiako talde barriko zuzendari-gerente lez. 

Alkarren Barri aldizkariaren maiatzeko aleak jasoten dau Ignacio Palacio Gizakia fundazinoko arduradunari egindako alkarrizketa. Lehenengo eta behin, esker ona adierazi deutso Estibaliz Barroni azken 23 urtez erakundearen buru lez erakutsitako prestasunagaitik. Gainera, mendekotasunen kontua dala-eta, gizarteak aurrez aurre dituan erronken inguruan jardun dau. Gaur egun, kontsumoei lotuta izaten diran buruko gaixotasunei aurre egitea da Gizakiaren lehentasunetako bat. 

Aldi barrirako erronkak?

Garatzen doguzan zerbitzu eta egitarauak mendekotasunen ereginez arazoak eta jokaera arriskutsuak dabezan pertsonen beharrizanei egokitzea izango da, aurrerantzean be, lehentasunetako bat. Puntu honetan, ildo nagusi bi dagoz: mendekotasunei lotutako buruko gaixotasunek dakarrezan arazoei aurre egin eta pertsona honeekaz epe luzera begira jardun, barriro erori ezkero, ondorioak txikiagotzeko. Mendekotasunei lotutako arazoren bat jasaten daben emakumeen beharrizanei egokitutako proposamen eta egitarauak garatzea be lehenetsiko dogu. Tratamentura joaten lagundu eta mendekotasuna gainditzeko eta askatasuna irabazteko bide izango dan arreta eskaini.

Fundazinoaren eragin sozial eta politikoa areagotzea izango da nahitaez beste lehentasunetako bat. Mendekotasunen arazoa eta prebentzinoa Bizkaiko agenda politikotik eta gizartearen arduratik ez dezagertzea da gure asmoa.

Fentaniloak, kezkatzen zaitue?

Egia esan, substantzia horren kontua, benetan kezkatzeko modukoa da, izan be, bere eraginak latzak dira eta erraz sortzen dau mendekotasuna. Estatu Batuetatik datozan irudiak, ikaragarriak dira. Horreek ikusita, sentiberatasuna biztu egin behar jaku eta mendekotasunez izan leikien eraginaz jabetu egin behar dogu.

Dana dala, ez dogu apartekorik antzeman fentaniloaren kontsumoari dagokionez. Amerikar gizartearen jardunbideak eta hango osasun-sistemaren funtzionamentuak eta botikak emoteko erak azalduko leukie, neurri handi batean, droga horren hedapen hain arina herrialde horretan. Gure kasuan, osasun eta gizarte estaldurari esker, gatxagoa da fentaniloa sartzea.

Dana dala, adi eta hartu-emonean gagoz mendekotasunen inguruan jarduten daben estatu osoko administrazino publiko eta gainerako erakundeakaz.

Gehiago irakurri:

Equipo de Gizakia