Asteburuan, Eleizak Pobreen Munduko Eguna ospatu dau. Gure eleizbarrutiko parrokia guztietan izan dabe gogoan egun hori. Gainera, bezperan honen atarikoa ospatu zan Bilbon, hain zuzen be azken Gizarte Jubileua, Barakaldon hasita, bikaritzaz bikaritza ospatu izan dana.
III. eta VII. bikaritzek antolatu eben Gizarte Jubileua, tailer praktikoen bidez bazterketazko zortzi errealitate zehatz agertzera emonez. Deialdian esan zanez, “Bizkaiko Eleizaren aldetik sufritzen dagozanen aldeko itxaropen- eta konpromiso-zantzuak agertzean datza”.
Jubileuko txalupa
San Nikolas eleizan emon eutsen hasiera ekitaldiari eta amaitzeko, ospakizuna egin zan Santiago katedralean, On Joseba Segura gotzaina buru zala.
Partaideei ondoetorria egin ondoren, taldeka banatu ziran eta erromesaldi sinbolikoari eki eutsen gizarte inklusinorako zortzi esperientzia praktikoetara jotzeko. Hainbat eleiz errealitatek sustatutako geltoki honeetan ahuleziazko askotariko gizarte egoerak ezagutu ziran.

Ibilbideen amaieran, koloretako arrainetan idatzi ebezan euren konpromisoak eta arrainok “txalupan” batu ziran. Alkartasunezko zeinuak jasoz bikaritza guztiak zeharkatu dituan txalupa hori Begoñako Amatxuren irudiaren azpian jarri zan katedralean.

Katedraleko azken ospakizunean, gotzainak atean egin eutsen harrera partaideei eta danak prozesinoan sartu ziran.

Bilboko gotzainak gidatu eban otoitzaldia eta kristau egitekoan ahulenek lehentasuna dabela nabarmendu eban. “Eurak dira gure gizarte apustuaren muina, horixe da kristautasunak mundu honetara ekarri dauan lehentasuna”.
Azkenean, On Joseba Segura gotzainak eskaria egin eban: “bihotz errukitsu horretatik apur bat gurea zabaldu dagigun eta gehiago eta hobeto banatu dagiguzan jasotako doeak”. Era berean, sormena eskatu eban gaur egungo erronken aurrean “erantzun eraginkorrak emoteko gauza izan gaitezan”.
Pobreen Munduko Eguna Bizkaian
Portugalete Pastoral Barrutia
Pobreen Munduko Egunez, Portugalete PBan, katekesiko neska-mutikoek, GAZTDTkoek eta eskautek dinamika garatu eben sufrimentuzko errealitateaz, sortzen daben arrazoiez jabetzeko eta itxaropenaren aingura aurkitzen laguntzeko euren konpromiso txikien bidez. Helduek helduen harrerarako egitasmoen, San Kristobal tailerren eta Auzobiziren inguruko lekukotasuna entzuteko aukera izan eben.
Gero Eukaristia ospatu eben eta txikienek pobretasaunean eta baztertuta bizi diranen bizitza irudikatu eben, denporalearen erdian noraezean dabilen txalupa lez agertzera emonez. Denporalealez, pobretasuna ez da beste barik heltzen, beti da arrazoiren bat, izan be. POBRETASUNA DAGO ABERASTASUNA DAGOALAKO.
Txikien eta handiek ainguraren zatiak itxaropen-zantzu lez ipini ebezan. Amaieran, aingura txiki bana emon jaken, dei egiteaz batera: “Itxaropen-aingura izan zaiteze” txarto pasatzen dagozanentzat.
“Banatzeak, entzuteak, laguntzeak, dei batek, bidegabekeriak salatzeak… aingura izaten laguntzen deusku eta sufritzen dagozanei eskua luzatzen, laguntasun eta segurtasun apur bat sentitu daien… Holan erantzun geinkio ondoen Jesusek alkartasunez jakatzeo eta geuk jaten emoteko egiten deuskun deiari”.












Santutxu Pastoral Barrutia
Santutxu PBak atzo ospatu eban aurtengo senide bazkaria, Pobreen Munduko Egunaren harira, “giro lasaiean, itxaropenean bat eginda bide egiten diharduan alkarte izaten jarraitzeko”.
230 lagun inguruk parte hartu eban, “bazkaria ordaintzeko bitartekorik ez eukien pertsonak bazkari bat baino gehiago ordaindu ebenakaz batera. Itxaropenerako kristau deiak erantzukizunak hartzera garoaz, Leon XIV.a aita santuak egun honetarako idatzitako mezuan dinoskunez. Asmo horregaz ospatu dogu bazkari hau”.
Bazkalondoan, Zaki magoaren emonaldia izan zan eta “asko gozatu dogu bere talentuagaz”, antolatzaileek adierazo ebenez.
Alde Zaharra Pastoral Barrutia
Pobreen Munduko Eguna Alde Zaharra PBko gaztetxo eta gazteakaz: “Bidean aurrera egiteko eta itxaropen-ereile izaten jarraitzeko konpromisoa”.




Abandoko San Bizente parrokia
Parrokiak Pobreen Munduko Eguna ospatu eban domekaz familia meza hunkigarriaz. Katekesiko neska-mutikoak izan ziran protagonista eleizkizunean.
Haurrek eskeintza berezia egin eben: euren konpromisoez apaindutako eskuak. Aurretik, katekesian landu eben jai hau, hain bat alderdi aztertuz: bakardadea eta axolagabetasuna, zaintzarik eza, entzuterik eza bitarteko materialik eza…
Altara inguruan ipinitako eskuek alkarteko gazteenek auzo eta mundu solidarioagoa egiteko “euren esku dagoana” egin gura dabela irudikatu eben. Parrokiak keinu honeen garrantzia nabarmendu eban. Itxaropen-hazia “premina gorrian dagozanei begiratzera, laguntzera eta zerbitzatzera” deitzen gaituan egunean.







