20-04-2024 Sábado, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Luis Casado fraile agustindarra, “langile gogotsua, parrokian buru-belarri ibilten zana”, hil da
02.01.2023

Luis Casado fraile agustindarra, “langile gogotsua, parrokian buru-belarri ibilten zana”, hil da

Atzo hil zan Bilbon, bat-batean, A. Luis Casado Espinosa fraile agustindarra. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar, urtarrilak 3, ospatuko da, 11:30etan, Bilboko Mendiko San Jose parrokian.

2014tik, A. Casado Mendiko San Jose parrokiako agustindarren alkarteko kide zan. 2014 eta 2018 bitartean, priore eta parroko izan zan eta, beranduago, parroko.

A. Luis Casado 1940.eko uztailaren 28an jaio zan. Hamaika urte ebazala Seminarioan sartu zan eta 1962an profesa egin eban agustindar lez Valladoliden. 1964an abade egin zan Leoneko katedralean, Eukaristia-biltzarraren testuinguruan.

Bilbora iritsi aurretik, A. Casado parroko izan zan Zaragoza eta Valladoliden. A. Jesus Alvarez Fernandez Bilboko agustindarren gaur egungo prioreak bere lanean buru-belarri aritzen zan gizona zala dino: “langile gogotsua, parrokian gorputz eta arima aritzen zana. Jainkozalea zan eta Ama Birjinari debozino handia eutsan”. A. Casado gazteen mobimentuetan be konprometituta egon zan eta, bainera, monja agustindarren klausurako komentuei laguntza emoten eutsen.

A. Casado azkeneraino egon zan jardunean, eta bere heriotzak harrituta itzi ditu ezagutzen eben guztiak, izan be, abenduaren 31an alkartean normaltasunez afaldu ondoren, biharamunean, altxatzen ez zala-eta, kideak bila joan jakozan eta hilda aurkitu eben gauez bihotzekoak emonda.

Goian bego!

San José de la Montaña

Bilboko eleiza hau -bertan dagoan fraileen alkarteko kide zan A. Casado-, Jose Mª Basterra arkitektoak eraiki eban 1936ko gerran suntsituta geratu zan fraileen komentuaren eratxikita lez. A. Casadok, gainera, eleizan azken urteetan egin izan diran konponketa-lanen koordinazinoan esku-hartu izan dau.

Bizkaian, agustindar fraileen ardurapean dago, gainera, Loiuko Urdaneta ikastetxea.

Fraile agustindarrak 1900an heldu ziran Bilbora Filipinetatik eta 1902an ekin eutsien Mendiko San Jose eleiza eraikitzeko tramiteei. Eleiza hau eredugarri da arkitektura erlijiosoan, tradizino erromantikoko neogotikoak estilo esanguratsua jadetsi ebanean XX. gizaldiaren hasieran. Jose Maria Basterra Eleizbarrutiko arkitektoak jaso eban eleiza hori, Begoñako basilikaren torrea eta jesuiten egoitzako eleiza. Agustindarren eleiza argitsua da eta hiru nabe ditu. Altara nagusia, San Joseri eskainita dago. Erdian dago santua umeagaz eta sagrarioaren gainean, Jesus kurutzean josita. Altararen eskuman dagoan nabearen aurraldean dago San Agustini eskainitako altara.

El P. Luis Casado