22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Paulino Larrucea Eleizbarrutiko abaderik adintsuena hil da
28.01.2023

Paulino Larrucea Eleizbarrutiko abaderik adintsuena hil da

Atzo hil zan Bilbon Paulino Larrucea Cenigaonaindia abadea 97 urte ebazala. Gaur egun, gure Eleizbarrutiko abaderik edadetuena zan. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna etzi -urtarrilak 30, astelehena- ospatuko da, 19:00etan, Begoñako basilikan. 

Paulino Larrucea Mendatan jaio zan 1925.eko abenduaren 1ean.1950.eko ekainaren 29an, hain zuen be Bilboko Eleizbarrutia sortu zan urtean, egin zan abade Gasteizko Seminarioan. 2020an, Titaniozko Ezteguak ospatu ebazan. 

Abade egin eta gero, Pauliko Arbazegi eta Gerrikaitzeko abade lagunkide izendatu eben. Beranduago, Beciko ekonomo izan zan eta gero Gatikako abade lagunkide. 1956an, Bilbora bialdu eben eta harrezkero, eta erretiroa hartu arte, Santutxuko Paduleko San Frantzisko parrokian jardun eban pastoralgintzan. Azken urteetan, Paulino Begoñako Beneragarrien abade-etxean bizi izan zan, joan dan udan, beste hainbat abade lagunakaz batera, Erruki etxera eroan eben arte. Lekualdatze hau gatxa izan zan beretzat, urte asko emon ebazalako Begoñan. Osasunez ondo ibili da azkenera arte, nahiz eta azken urteetan mobitzeko arazoren bat edo beste izan. Joan dan astelehenez jausi egin zan, bere egoerak okerrera egin eban eta atzo -urtarrilak 27, barikua- hil egin zan goizaldean.

Umila eta lagunartekoa

Abade lagunen esanetan, gizon umila eta arduratsua zan. Begoña Larrucea ilobaren esanetan, lagunartekoa eta senitartekoa zan, “oso gustuko eban iloba guztiakaz Mendatan egotea”. Senideek alkartzeko hitzorduren bat egiten ebenean bera zan lehenengoa apuntatzen, “haurtzaroko kontuak gogoratzea be asko guztatzen jakon”. Gerran bizi izandakoak kontatzen eutsezan eta non ezkutatzen ziran edo zelan joaten ziran Ajangizeko eskolara oinez, Gernikara lekualdatu ziran arte. “Mendatara itzultzea, oroitzapen gozoak berreskuratzea zan”, dino Begoñak.

Oso lotsatia zan, “beharbada, zazpi anai-arreben artean, txikiena zalako”. Anai-arreba guztiak hilda dagoz eta bat, VIctorino, abade izan zan bera lez. Alkarregaz egon ziran aldi batez Paduleko San Frantzisko parrokian, anaia hil zan arte. Begoñak gogoratu deuskunez, eleiza hau jaso aurretik, ermita egoan bertan, eta “jentez lepo egoten zan eta askok kanpotik jarraitu behar izaten eban Eukaristia”. Paulinok abade bizitza gehiena bertan igaro eban.

Goian bego eta Egun handira arte!!!

Paulino Larruzea