23-04-2026 Jueves, III semana - pascua
23.04.2026

Inbertsino etikoari buruzko jardunaldien hasiera Bilbon

Gaur, apirilak 23, hasiko dira bilbon fedeagaz bat datorren finantza-inbertsinoan arreta jarriko daben jardunaldiak, 70 lagun inguru batuko dalarik. Bilboko eleizbarrutiaren ekimen honetan, eleizbarrutietako ekonomoak, kongregazino erlijiosoetako ekonomia-arduradunak eta finantza etikoetan jakin-mina daben profesionalak batuko dira. Jardunaldiei hasiera emoteko, Elena Beccalli Universià Cattolica del Sacro Cuore dalako zuzendari eta “Mensuram Bonam” agiriaren egileak hitz egingo dau.

Universidad Católica del Sacro Cuore dalako lehenengo errektore dan eta aurretik Unibertsitate bereko banku-, finantza- eta aseguru-zientzietan dekano izan zan Elena Beccallirena izango da inaugurazino-hitzaldia. Aditua da jasangarritasun, etika eta inklusibitatea lako arloetan. 

Eleizak finantza-bitartekoak Doktrina Sozialean oinarritutako erizpideetatik zelan kudeatzen dituan aztertuko dau. Ikuspuntu orokorra eskainiko dau, etikak erabaki ekonomikoetan dauan eragina nabarmenduz.

16:30etan izango da hasiera instituzionala Deusto Business School dalakoan, On Joseba Segura BIlboko gotzaina bertan dala. Espainiako Gotzainen Batzarreko Osoko Bilkuran parte hartzen dihardu gotzainak eta beren-beregi etorri da jardunaldietan parte hartzera eta ondoren Madrilera bueltatuko da. 

Adituak finantza etikoetan

Beccalligaz batera, gizarte eragineko inbertsinoan erreferente dan Seamus Finn -agiriaren beste egileetako bat- izango da jardunaldietanc. Bere berbaldian, “Mensuram Bonam” dalakoaren oinarrien ezarpen praktikoan sakonduko dau, edukiei alderdi operatiboa emonez. 

Deusto Business Schoolen eta Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan garatuko diran jardunaldiak bihar jarraituko dabe ikuspuntu praktikoagotik.

Biharko saioan, oinarri honeekaz bat datozan inbertsinoak garatzeko bitartekoak, ebaluazino-ereduak eta kasu zehatzak aurkeztuko dira. Deusto Business School dalakoari lotutako aditu diran José Luis Alzola irakaslea eta Jon Recacoecheak jardungo dabe bihar.

Metodologiaren inguruko saioa be izango da, agiriaren ezarpen zehatzaren inguruan. Kasu praktikoak, ebaluazinorako ereduak eta fedeagaz bat datozan erabakiak hartzeko erizpide operatiboak eskainiko ditu Jose Joaquin Moral ekonomia-gaietarako Bilboko eleizbarrutiko batzorderako gotzain ordezkariak. Jose Miguel Erdozain ekonomoak emongo deutse amaiera jardunaldiei ondorio nagusiak aurkeztuz. 

Zer da Mensuram Bonam?

“Mensuram Bonam”, Gizarte Zientzietarako Pontifize Akademikoak eratutako kontzeptuak, osoko esparrua proposatzen dau oinarri teologikoak eta argibide praktikoak buztartuz. Bazterketa-erizpideak ezatzen ditu armamentua edo giza eskubideen urraketa lako arloetan.

Ekimen honegaz, Bilboko eleizbarrutiak heziketa eta gogoetarako eremua eskaini gura dau fedeagaz bat datorren ekonomia-kudeaketa sustatzeko, besteak beste, inbertsino arduratsuagaz konrpometitutako erakundeei esperientziak batera jartzeko aukera emonez.