22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Inor etxebizitza barik” Caritasen kanpaina
28.10.2023

“Inor etxebizitza barik” Caritasen kanpaina

Cáritas Bizkaia erakundeak etxebizitza bakoen inguruko 2023ko kanpaina ospatuko dau. Dei egiten dau, "alkarte inklusibo izan gaitezan, alkarteak eginez eta, helburu eta ekintzetan bat eginda, zailtasunak eta adorerik eza gainditu daiguzan". Oraingoan, aparteko arreta jarri gura dabe bizilekurik ez daukien emakumeek jasaten daben ahulezian: "sarea banatzeak alkarteari eusteko eta alkarteko kide izateko aukera emoten deusku, aukera eta prozesu eraldatzaileak sortuz".

Cáritas Bizkaia erakundetik nabarmentzen dabenez, bizilekurik ez daukien pertsonak gizartetik bereizita dagoz, “aldenduta, babesa dakarren hartu-emon barik. Ikusezin bihurtzen dituan isolamendua bizi dabe eta pobretasun eta gizarte bazterketazko zirkulu horretatik urtetea oso gatx egiten jake”. Eta egoera traumatiko eta mingarri hori are eta gogorrago eta oldarkor da jasaten daben emakumeentzat.

Zelan lagundu?

  • Lagun bakotxaren kontaktu-sarea konpartitu, agertzera emoteko, laguntzeko eta danetik kanpo dagozanak eta sentitzen diranak txertatzeko.

  • Bitarteko eta trebetasunen sare barriagaz, estigmatizatu ez ezik, aukera barriak eskaintzen dituan sareagaz. Hartu-emonean bizitzeak salbatu egiten gaitu, danok, une batean ala bestean, besteak behar izaten doguzalako.

  • Horretarako, ezinbestekoa da euren eskubideak -gizarte, osasun eta lege babesa, ahulezian dagozan lagunek konfiantza berreskuratu daien euren aukeretan, ahaleginean eta hobetzeko gaitasunean- aldarrikatuko dituan laguntzarako gizarte sare indartsua

  • Danok, norbanako, alkarte, familia, auzotar, botere publiko…, parte hartu geinke euren duintasuna eta eskubideak berreskuratzeko bide izan leiken sare solidario honetan.