Javi Goñi Getxon jaio zan 1943ko apirilaren 23an eta Elorrietan (Bilbao) egin zan abade 1969ko urriaren 12an. Abade egiteaz batera, bertan jardun eban pastoralgintzan, hain zuzuzen be abade lagunkide lez San Jose Langilea parrokian eta, beranduago, Deustuko San Pedro Apostolua parrokian. Gero, Lovainan (Belgika) egon zan ikasketak egiten eta bueltatu zanean Deustuko San Pedro parrokiako abaddeen taldeko kide izendatu eben eta, gerora, Deustu Eskualdeko ordezkari.
1984an, Barakaldora bialdu eben San Jose parrokiako administratzaile lez; San Bizente, San Jose eta Itxaropenaren Andra Maria parrokietako abadeen taldeko moderatzaile be izan zan eta azken parrokiako arduradun (1994-1996). 1991 eta 1996 bitartean, Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko (EPK) kide be izan zan.
1996an Bilbora itzuli zan, gaur, 17:30etan, bere hileta-eleizkizuna ospatuko dan Loiolako San Inazio parrokiako parroko lez.
1996tik 2006ta, Deustu Eskualdeko ordezkari izan zan; 1996tik 2001era, Abade Kontseiluko kide eta 2011tik hasita, barriro parte hartu eban Kontseilu horretan.
San Inazio parrokiako arduradun zala, 1999tik 2017ra bere gain izan eban Elorrietako San Juan Apostolua eta San Jose parrokiena eta baita Maria Eleizaren Ama parrokiarena be.
Azken urteetan, erretiroa hartuta egonda be, Eleizbarrutiko kontuetan gogotsu parte hartzen eban eta sarritan ospatzen eban Eukaristia Barakaldon.
Bihotz onekoa, hurkoa eta adeitsua
Gaur egun Barakaldo Pastoral Barrutiko arduraduna dan Jose Alberto Guemes abade-lagunaren esanetan, gizon adeitsua, hurkoa, bihotz onekoa eta gizatasun handikoa zan eta alkarteen esanetara egoan beti: “lokarri sendoak sortu ebazan, jentea maite eban eta jenteak bera maite eban. Bizitzan egiten joan zan loturei azkeneraino eutsi eutsen. Egon zan leku guztietan eban hartu-emon estua jenteagaz eta azken aldi honetan Teresa Donea parrokian laguntzen euskun”.
Guemesek Goñiren izaera idealista eta ameslaria nabarmendu dau: “jentearen parte hartze handiagoa izango eukean Eleiza amestu eban beti. Ardurakidetasuna, sinodo-sena, oinarrizko alkarteak -berak zaindu ebazanak- lehenetsi ebazan beti”. Honen haritik, oso pozik egoan Frantzisko aita santuagaz.
Lovainan emon eban denporaldiaren ostean, soziologia eta “errealitatearen azterketa soziologikoa”, garrantzitsu izan ziran beretzat.
Hainbat urtez bizi izan zan Bilboko Areatzan dagoan San Nikolas eleizaren apartamentuetako baten. Han, hainbat abade-lagunen bizilagun izan zan: Juan Mari Lechosa, Javi Oñate, Jose Alberto Guemes, Jaime Asenjo, Joseba Segura edo Sergio Buiza, besteak beste. Azkenaldian, Espe arrebagaz bizi izan da eta berau izan dau zaintzaile eta lagun.
Agerpen barritzailea
Javi Goñi eta Jose Ramon Muerza adiskide egin ziran biak Barakaldon egozanean. Hasieran, Goñi San Jose parrokian egoan eta Muerza Itxaropenaren Andra Mari parrokian. Urte batzuen buruan, San Inazio PBan izan ziran alkarregaz:
“Bere adiskidetasuna eta kristau alkartean izan eban agerpen barritzailea nabarmendu gurako neukez. Beste batzukaz batera hazten dan biziaren garrantzia nabarmendu eban, Jesusen estilora gizatasunez beteten dana, behartsu eta ahulenen ondoan dagoana. Jesusegaz bat egitean zentzunez bete zan bere bizia eta horren eraginez, beragaz bizi ziranei lagundu egin eutsen, bizitza Aitagazko bategite bihurtuz”.
Gizon maitagarria
Marige Díez Barakaldoko San Jose parrokiako eleiztarrak Javi Goñiren ondoan jardun eban, beste batzukaz batera, bertan egon zan bitartean. Bere esanetan, “eleiztarrengandik hurran bizi zan gizona zan”. Marigek gogoan dau Javi Goñi, Txelis Beltran eta Joseba Segura Barakaldon egon ziraneko aldia: “gaztetasunez bete eben parrokia. Sendotza egiteko prestazen ari ziran neska-mutilen talde handia egoan”.
Marigerentzat, Javi Goñi lagun mina zan. Hasieran, heldu zanean, batzuk aurka egozala dino, ez ebelako aurreko parrokoa joaterik nahi, baina euren artean egon zan urteetan, “gizon maitagarria zala erakutsi eban. Goñik, Barakaldora heltzean, zera esan eban: ‘ez naz 25 lagunen lana egitera joan, 25 lagun lanean jartera baino’, eta horixe egin eban, ardurakidetasuna eta lankidetza sustatu”. Alkarte bizitza eban gustuko eta baita jarduera eta txangoetan parte hartzea be.
“Barakaldon egon zan sasoian, ikusi genduanez, hurkoa zan, adeitsua eta bere mezak hain atseginak ziran ze mundu guztiak gustuko ebazan. Lan asko egin eban, geratu be ez zan egin eta eleiztarrei asko lagundu eutsen. Pena handia hartu genduan joan zanean eta ekitaldi ederra egin genduan bera agurtzeko”.
Zintzoa, eztabaidazalea, drogosoa eta lagunartekoa
Mila Domínguez Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko (EPK) presidenteorde eta San Inazio parrokiako ekipo ministerialeko kideak, urte luzez jardun eban Goñigaz buruz buru lan egiten:
Makina bat batzar, talde, Eukaristia, aparteko ospakizun -beti jarten zan urduri holakoetan-, batzar nagusi…, baina batez be ez dodaz ahaztuko azken urteetako kafeak, non jakin-min aseezina erakusten eban: Zelan doa parrokia? Jente asko izan zan joan dan eguneko berbaldian? Zer moduz EPK?… Eta, aldi beran, Caritasen eban konpromisoari, Barakaldon emoten ebazan mezei, eta beste norbaitegaz hartutako azken kafeari buruzko kontuetan egunean jarten zinduzan.
Uste dot kafe asko geratu jakula hartzeko. Eskerrik asko, Javi, hainbesterengaitik. Eskerrik asko, Jauna, Javiren bizitzagaitik, opari zoragarria izan da-eta”.
Izarra
Oscar Segovia Caritaseko kide eta Barakaldoko San Jose parrokiako eleiztarra Goñigaz egon zan gazteen eta sendotzarako taldeetan eta, urteen buruan, hartu-emona eban beragaz:
“Gabon-aldian gagozala, niretzat Javi ume egindako Jainkoarenganantz gidatzen nauan izarra da; berari esker antzematen dot egundoko doe hori eta berak egin eban lez inguruko guztiei helarazo gurako neuskie”.
Oscar Segovia, adiskidea
GOIAN BEGO!