26-07-2024 Viernes, XVI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Joseba Rementeria “beti irribarrez egoan gizona” hil da
10.06.2024

Joseba Rementeria “beti irribarrez egoan gizona” hil da

Atzo hil zan bilbon Joseba Rementeria Aramburu Eleizbarrutiko abadea, 90 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur arratsaldeko 19:30etan ospatuko da Ugao-Miraballeseko parrokian. 

Joseba Rementeria Maumen (lehen Ibarruti eta gaur egun Muxika) jaio zan 1934.eko urtarrilaren 12an eta 1957.eko uztailaren 28an egin zan abade Bilboko San Anton parrokian. Abade egin ondoren, Ziortzako Andra Mariaren Zeruratzea parrokiako ekonomo izendatu eben. 1961ean, Iurretako San Migel Goiaingerua parrokiara bialdu eben abade lagunkide lez eta 1969tik 1975era Durangaldeko artzapezpiku izan zan. 1975etik hasita, Basaurin jardun eban Arizeko parroko lez Edurretako Andra Mari eta San Fausto parrokietan. pro-sinodo epailea be izan zan 1979an, Basauri eskualdeko ordezkaria eta 1991etik hasita Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostolua parrokiako parrokoa. Hain zuzen be, hementxe ospatuko da gaur arratsaldez bere hileta.

2001 eta 2006 bitartean, Rementeria Eleizbarrutiko Abade Kontseiluko kide izan zan eta 2009an hartu eban erretiroa. Hainbat urtez bizi izan zan Begoñako Beneragarrien abade-etxean eta, azkenaldian, Erruki-etxean; bertan hil zan atzoko egunez. 

Abade edo sendagile

DEIA egunkariak erreportajea eskain eutsan orain dala 11 urte eta “uno de esos hombres de eterna sonrisa” lez aurkeztu eban.

Josebak bere haurtzaroa gogoratu eban: “en mi casa vivía un cura, de patrona, y yo comencé de monaguillo. De ahí pasé al seminario, pero con 23 años me planteé ser cura o médico. Al final me decidí por cura, y ha sido un camino largo, lleno de dificultades, pero con muchísimas alegrías”.

Rementeriak oroitzapen onak ebazan seminarioan bizitako aldiari buruz. Lehenengo kurtsoa Gordexolan egin eban eta, “primeran ibili nintzan, lagun asko egin neban”. Gainerako kurtsoak Gasteizko Seminarioan egin ebazan, 1957ra arte, eta azken urtea Derioko seminarioan. “Nire kurtsoa izan zan Derioko seminarioan ikasi eban lehenengoa eta lehenengoa izan zan ordenatzen be. San Antonen ordenatu ginduezala gogoratzen dot eta egun gitxiren buruan neure lehenengo meza emon nebala”, atseginez oroitzen eban lez.

Familia

Izaskun Iturrioz Josebaren iloba txikiak (bere arreba baten alaba) maitasun handiz gogoratu dau.

Lau anai-arreben artean txikiena izan zan, asko baloratzen eban senideakaz egotea, egia esan, “beti egoan” eta ez eukan saltzeko bere jatorria, “Maumeko sentitu zan beti eta sekula ez eban lokarririk hautsi bere nortasun eta jatorriagaz”. Abade lez jardun eban leku guztietan egin ebazan adiskideak eta gero be eutsi eutsan adiskidetasun horri.

Ikasteko irrikaz egoan beti, “asko gustatzen jakon ikastea”. Izaskunek lotura berezia eukan beragaz, “irakurteko grina biztu ustan”, beti oparitzen eutsazan-eta liburuak urtebetetzean. “Bera izan zan ‘nagusien’ lehenengo liburua oparitu eustana: Noah Gordonen ‘Medikua'”.

“Maumeko mutila Aitaren besoetara joan jaku! Jose, Joseba, Abadea, Pater,…beti bide lagun, Agur. Egun Handirarte!! “

Goian bego!

Joseba Rementería