27-12-2024 Juan, apóstol y evangelista
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Juanito Gallastegi abadea, Ohorezko Euskaltzain
07.06.2024

Juanito Gallastegi abadea, Ohorezko Euskaltzain

1933an Durangon jaio zan Juanito Gallastegi abadea dago Euskaltzaindiak izendatu berri dituan Ohorezko Euskaltzainen artean. "Poz-pozik" agertu da izendapenagaitik, bizitza gehiena giro "euskaldunean" emon daualako, eta eskerrak emon ditu -berezkoak dituan apaltasun eta zintzotasunagaz- euskeraren alde egindako zerbitzuagaitik egin deutsen autorpenagaitik. Abade egin aurretik, Seminarioan egoala hasi zan itzulpenak  egiten eta horretan dihardu gaur egun be. Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak oraintsu argitaratu ditu berak itzulitako Gonzalez Carvajalen liburu bi eta laster argitaratuko dau beste bat be. Hainbat urtez, Bilboko Eleizbarrutiko itzultzaile lez jardun eban, 1991ean Txomin Solabarrietaren lekua hartuta eta 1994an emon eutsan lekukoa gaur egun itzultzaile dan Miren Leanizbarrutiari. Bizkaiko Eleizarako euskerazko bitartekoak prestatzeaz arduratzen dan "Euskal baliabideak" taldeko kide da. 

Durangar abadea Euskaltzaindiako Ohorezko Euskaltzainen zerrendan sartu da. Juanito Gallastegi poz-pozik dago autorpenagaitik. Ez dau telefonorik hartzen Elorrion, “egunero ohikoa dauanez”, meza ospatzeko prestatzen dan bitartean. Comillasen hasi zala itzulpenak egiten gogoratzen dau. Victor Manuel Arbeloa nafar idazle eta abadeak ipuin bat idatzi eban eta “euskerara itzultzeko eskatu eustan. Harrezkero, ez naz geratu”, dino berak.

Liturgiarako Eleizbarruti arteko taldeko kide izan zan, Mikel Zarateren lekua hartuz, eta Donostian egiten ziran bileretara joaten hasi zan. Orduan, lagungarriak batueraz egiten ziran. Beranduago, Lontzo Zugazaga Euskerarako Eleizbarrutiko saileko arduradunagaz batera, bizkaierara itzultzen hasi ziran, “egiteko horretan ordu asko eta asko emonez”.

Juanito Gallastegik liburu bi be idatzi ditu. “Tontorretik begira” eta “Oiz eta Anbotoren kerizpean”. Lehenengoa, Labayru Fundazinoak argitaratutakoa, bere bizitzari buurzkoa da. Bigarrenean, hainbat aldizkaritan argitaratu dituan artikuluak batzen dira. 

Itzulpenak ETPIrako

Juanito Gallastegik gaur egun gaztelaniazko idazle kristaurik irakurrienetakoa dan Luis Gonzalez-Carvajal Santabarba (Madrid, 1947), injineru, abade eta teologoaren liburu bi itzuli barri ditu.

Biografia

1933an jaio zan Durangoko Kalebarrian. Ama Elorrioko San Joan kaleko Goikoerroakoa zan eta aitaa Arriandiko (Iurreta) Txorrondonekoa; seme bakarra da. Gerran gaur egungo Muxikako Ibarruriko Unda auzoko etxaldera eroan ebezan. Gero, gurasoen zapata-dendak bizirik jarraitu eban; “Mario Shoes” denda, gurasoena zan. Umetan, Santa Susanan, jesuiten etxean eta San Frantzisko aurreko akademian lan egin eban. 14-15 urte ebazala, Comillasera (Kantabria) joan zan abadian ikasteko: sei urte Seminario Txikian eta 7 unibertsitatean (3 filosofia ikasten eta 4 teologia). Bigarren gradutik hasita, hantxe egon zan 12 urtez. Iurreta eta Oromiñoko abade izan zan bost urtez eta gero Markinara joan zan. 11 urte emon ebazan Markinan bizitzen eta lanbide ikastegian eskolak emoten eta, aldi berean, Etxebarriko abadearen zuzenbide-laguntzaila izan zan. Hamaika urte horreetako azken bostetan, Barinaga eta Geriako parroko be izan zan. 1975ean heldu zan Elorriora, lehenengo bikario lez eta urteen buruan, parroko lez.

Kultur Erakundeen mahaiak argitaratutako bideioan Juanito Gallastegik hartzen dau parte bere ibilbidearen ingurukoak kontatuz.

Juanito Gallastegi