12-02-2026 Jueves, V semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kanpai-hotsak eta neurketa-zinta Eleizondon (Zeanuri)
12.02.2026

Kanpai-hotsak eta neurketa-zinta Eleizondon (Zeanuri)

Pietatea ermita inguruko artearen enborra neurtzek ohiturak 68 urte beteko ditu. Andra Mari eleizako azken kanpai-jotzailearen seme diran Lejarza anaiek eskuz joko dabez kanpaiak egun berezi horretan. Santua prozesinoan eroango dabe eta auzotarrak haren inguruan batuko dira. 

Zeanuriko Eleizondo auzoan lurraldeko ohiturarik berezienetakoa bizitzeko batuko dira datorren zapatuz, otsailak 14, San Balendin egunez. Pietatea ermitako artearen neurketaren 68. ekitaldia ospatuko dabe, fedea, ohitura eta bitxikeria etnografikoa batzen dituan ohikunean. 

Pedro eta Jose Antonio Lejarza anaiek emongo deutse hasiera ekitaldiari kanpaiak eskuz joz. Ez da kontu txikia, izan be, Iñaki Lejarza Andra Mari parrokiako azken kanpai-jotzailearen semeak dira. Larogeta hamabi urte dituan Iñaki da, gainera, auzotar zaharrena eta bera da aurton kargua itziko dauan maiordomoa. Gura izan ezkero, kanpantorrera igo eta eskuz egingo daben kanpai-joaldia ikusteko eta entzuteko aukera izango dau, 11:30etan edo 12:00etan.

Prozesinoa eta erreleboa

Eguerdian, meza ospatuko da parrokian. Ondoren, San Balendinen irudia prozesinoan eroango dabe 50 metro ingurura dagoan Pietatea ermitaraino eta hantxe geratuko da santua datorren urtera arte.

Prozesinoa santuagaz

Gero, artearen parean izango da eguneko ekitaldi nagusienetako bat. Zuhaitza neurtu eta akta sinatuko da agirien liburuan. Une horretan, maiordomoaren erreleboa be egingo da: Iñaki Lejarzak Aitor Intxaurragari eskura emongo deutsoz ermitako giltza eta liburua. 

Txistulariek eta Arkaitz Estiballes bertsolariak girotuko dabe eguna.

68. neurketa

Ondo gordeta dago koaderno eta paperetan ohitura honen historia. Pedro Lejarzak gogoratu dau jatorria: gaur egungo artea 1958an landatu zan, aurretik leku berean egoan beste baten ordez. Hurrengo urtean, 1959an, neurtzen hasi ziran. Bere esanetan, “Gorordo baserriko Zeferino Learreta aruratzen zan neurketaz. Batzuetan, balkalaurretik, beste batzuetan, afalostean, jai-giroan, zirrindola eta bertsoakaz”.

Lehenengo erregistroetan, 1959koak, zera irakurri daiteke: “La medida de la encina de la piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18”.

Urteak joan eta urteak etorri, ohitura honek indarra galdu eban eta, etenaldiaren aurretik, Kandido Intxaurragak sinatu eban azken idatzia 1999an.

2007an, hainbat auzotarrek ohitura berreskuratzea pentsatu eben. Pedro Lejarzaren esanetan, “ofizialtasuna emon gura izan geuntson”. Hurrengo urtean, 2008an, 50 urte bete ziran zuhaitza landatu ebenetik eta gaur egun be erabiltzen dan agirien liburua zabaldu egin eben. San Balendin egunez, liburu horretan sinatzen dabe neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak.

Lekukoa

2016tik hasita, Igor Intxaurraga arduratzen da enborra neurketa-zintaz inguratzeaz. 2015era arte -urte horretan hil zan- neurketa egin eban Gregorio Lejarreta Zeferinoren semeak emon eutson erreleboa.

Iaz, arteak neurri honeek emon ebazan: 194 zentimetro perimetroan eta 1,50 metroko altuera. Zenbat hazi ete da 12 hilabeteotan?

Meza, kanpai-hots,prozesino, bertso eta neurketa-zinta artean ospatuko dabe Eleizondoko auzotarren euren San Balendin egun berezia.

Midiendo la encina en una jornada anterior

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Zeanuri