“Alkarren Barri/Comunicación” aldizkariak jaso dau kaputxinoek Otxarkoagan eben komunidadearen agurraren inguruko erreportajea. Dalako alkarte hori 1978an sortu zan La Paradako abade-etxean parrokiako abadeen bizilagun izan ziran Xabier Zipitria eta Joseba Balentziaga anai bigaz. Txarli Azkona (1979) eta Fermin Satrustegui (1980) anaiak alkartean sartzean, Langaran kaleko abade-etxera joan ziran bizitzera, eta handik lasterrera batu jaken Txema Duque.
Hasieratik, parrokian laguntzeaz gainera, fraileek babesgabetasunezko egoerak bizi ebezan lagunak hartu ebezan etxean, erreferentzia bihurtuz alkoholagaz, drogakaz arazoak ebenan pertsonentzat, buruko gaixotasunak ebezanentzat… Auzotarren arazoetara zabaltzea eta gerturatzen ziranei abegi egitea bihurtu ziran alkartearen ezaugarri.
Denporaren buruan, hainbat alderditan jarri eben arreta: parrokiako pastoralgintza ekipo ministerialeko kide izanik; osasun pastoraltza Santa Marina ospitalean, Joseba Bakaikoak 10 urte emon ebazalarik egiteko horretan; irakaskuntza, hasieran Otxarkoaga ikastegian (Fermin eta RIcardo), gero Deustuko Teologia-faklutatean eta ikerketa biblikoan (Carlos); lankidetza Caritaseko zerbitzu psikologikoagaz eta tratamentuan egozan lagunentzako pisuetan (Jose Mari) eta gizarte jarduera, batez be kaputxinoek eraginda sortutako Bizitegi alkartean.