Eleizbarrutiaren eguna dala-eta BIlboko gotzainak fededunei zuzendu deutsen gutunean, “esker ona” adierazo dau “belaunaldi bat baino gehiagok, fedea jasoz, fedean haziz eta fedea helarazoz egin dauan” 75 urteko ibilbideagaitik, Ibilbide horretan, gotzainak gogoratu dauanez, une gogoangarri asko izan dira: bateoak, jaunartzeak, ezkontzak, bokazinoak, agurrak…
Giz aurpegidun Eleiza
Liturgia jardueratik harago, Gure Eleiza Eleizbarrutiaren egunerako beren-beregi argitaratutako aldizkariak giza sustapenaren alde sendo diharduan eleizbarruti biziaren erradiografia egiten dau. 2024ko pastoral datuek egitura sendoa agertzen dabe: 290 parrokia, 222 abade, 1.400 katekista baino gehiago eta mila lekaime eta lekaide inguru.
Gizarte ekintza bizi-bizia da. Caritas Bizkaia eta Esku Elkartuak erakundeen eta beste hainbaten bidez, 125.000 lagun baino gehiagori eskaini jakon arreta 285 zerbitzu-gunetan. Laguntzarako sare hoerretan askotariko guneak dagoz: ahuleziazko egoeran dagozan pertsonei (13.295) lagun egiteko zentroak, etorkinen harrerarako (4.987) zentroak, pertsona nagusien arretarako, emakumearen sustapenerako edo mendekotasunak dabezan pertsonen erreabilitazinorako zentroak.
Heziketa eta kultur arloan, eleizbarrutiko 18 ikastetxe batzen dituan sarea (EBI) nabarmentzen da. Kristau Eskolako 63 ikastetxe be badagoz eta bese hainbat ikastetxe katoliko; 27.000 ikasle dabilz horreetan ikasketak egiten. Arte eta ondare jarduera be eraginkorra da Bilboko eleizbarrutian.
Ekonomia-oreka eta jasangarritasuna
2024an, 78,9 miloe eurotako sarrerak izan ziran eleizbarrutian eta pareko gastuak, aurrekontu-oreka islatuz. Ohiko sarrera gehienak eleizbarrutiko erakundeetatik (48,1 miloe), eleiztarrengandik (5,8 miloe) eta Eleizbarrutiarteko Baterako Funtsetik (4,2 miloe) etorri ziran. Gastu gehiena langile laikoen ordainketan (42,8 miloe), eraikinen zaintzan (21,7 miloe) eta pastoral eta laguntza jardueretan (4,2 miloe) izan zan.
Fedea eta kultura hartu-emonean: “Arimadun irudiak”
Aurton, eleizbarrutiak aparteko arreta jarten dihardu bere kultur jardueran. Kulturaren BIlboko eleizbarrutiko oroitza-txostena izango da begirada horren ardatza. Agiri hau ondare inbentario izatetik harago doa eta fedearen eta kulturaren hartu-emonaren etorkizunari begiratzeko dei bihurtu da.
Aurkezteko, Kultur Erakundeen Mahaiak “Arimadun irudiak: kultur kontaketa barriak” ekitaldia antolatu dau. Azaroaren 5ean, eguaztenez, izango da, eguerdiko 12:00etan, EITBko Multibox aretoan.
Lara Izagirre zinemagileak, Miguel Zugaza BIlboko Arte Ederren Museoko zuzendariak eta Xabier Paya kultur gestore eta bertsolariak parte hartuko dabe. Azken honek, bat-bateko bertsoen bidez eskainiko dau bere ikuspuntua. Idoia Jauregi kazetariak moderatuko dau solasaldi ireki hau.
Ekitaldian parte hartzeko izena emoteko, hemen
Itxaropoenaren Jubileua
Bere pastoral idazkian, Jubileu hau “grazia eta itxaropenezko une” lez bizitzera deitu gaitu Bilboko gotzainak. Bere esanetan, Espiritu Santuak “arnasa emoten jarraitzen dau”, barritasun, senidetasun eta ausardia handiagoko Eleiza egiteko.
Eleizak dei egiten deutso alkarteari guztioi dagokigun eginkizun honetan otoitzaren, boluntarioi-lanaren eta diru-laguntzaren bidez parte hartzeko. Beste hau be gogoratu dau: parrokiari laguntzea erraza dala eta horretarako ezinbestekoa dala www.donoamiiglesia.es atarira jotea.






