Aldizkariaren azaleko irudian antzeman daitekez kurtsoaren nondik norakoak: eleizbarrutiaren 75. urteurrenaren amaiera, Jubileuaren inguruko ekitaldiak eta sinodo-seneko Eleizari buruzko Sinodoan jarritako begirada.
Indarrez hasten dan kurtsoa
Mila lagun inguru batuta, Elorrioko Sortzez Garbia basilikan ospatu zan kurtsoaren hasierako ekitaldia. Poza eta fedea alkartu ziran Bizkaiko Eleizaren misino-bokazinoa nabarmendu eban jardunaldian. Aldizkarian, egun horretako irudiak jaso dira.
Gai nagusiak
👉 Adiskidetzea, ardatz nagusia
Lehenengo orrialdeetan, On Joseba Segura gotzainak Elorrioko Eukaristian egin eban homiliaren txatalak agertzen dira. Adiskidetzearen sakramentua nabarmendu eban, “Izaki barri” egiten gaituan oparia dala esanez. Gotzainak dei egin eban parkamena graziazko bizitasun lez bizitzeko eta Eleiza anitza, batua, sentsibilitate eta hizkuntza guztientzako lekua dauan Eleiza eraikitzeko.
👉 Berriotxoako San Balendin berbiztuta Elorrion
Antzezpen hunkigarriari esker, misiolari santua bere eleizan azaldu zan, sinodo-seneko Eleizari buruzko mezua zabalduz: “Horixe egiten genduan aitaren tailerrean: alkarregaz lan egin, alkar entzun, huts egin eta barriro hasi”.
👉 Aurpegi barriak, egiteko barriak
Aldizkarian, EBI sareko bost ikastetxetako zuzendari barriak aurkeztu ditu. Baita Veronica Cali be, latinoamerikar pastoraltzarako koordinatzaile barri lez. Bohdan Luhovyi ukrainar abade greko-katolikoaren lekukotasuna be jaso da. Bizkaian dan Ukrainako alkarteari arreta eskainiko deutso.
👉 Argia dakarren lekukotasunak
Monje zistertar izan zan eta orain abade egin dan Abdon Rodriguezi eta Maria Magdalenaren espiritualtasunari buruzko liburua aurkeztu dauan Maria Jose Arana teologoari egindako alkarrizketak be aitagarriak dira. Bokazinoaren eta emakumeak Eleizan dauan egitekoaren inguruko begirada sakona eskaini dabe.
👉 Gizarte eta pastoral konpromisoa
Eleizbarrutiak gizarte zuzentasunagaz eta azkenen zaintzagaz dauan konpromisoa islatzen daben Kartzela Pastoraltzari eta bidezko merkataritzari buruzko artikuluak be irakurri daitekez.
👉 Artea, historia eta fedea
Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoak frutuak emoten dihardu. Bizkaiko arkitektura-planorik zaharrenak aurkitu dira Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas eleizan.
👉 Eleizbarrutiaren 75. urteurrena
Aitagarriak dira, gainera, BizkaiBIra eleizbarrutiaren 75 urteak ospatzeko zazpi bikaritzak zeharkatu dituan ibilbidearen eta urriaren 25ean Estibalizko santutegian ospatuko dan hiru eleizbarrutien ekitaldiaren inguruko kronikak.
Alkarteak eta alkartearentzat egindako aldizkaria
Alkarren Barri ez da aldizkaria bakarrik; gure eleizbarrutiaren bizitza agertzen da bertan. Orrialdeetan, euskera eta gaztelania batzen dira, ohiturak eta egitasmo barriak, gogoeta teologikoa eta gertuko kronika.
Non aurkitu?
Eskuragarri dago parrokietan, ikastetxeetan eta euskarri digitalean eleizbarrutiko ohiko kanalen bidez. Etxean jaso gura badozu, harpidetu hemen.