‘Alkarren Barri’ aldizkariaren ale barriaren argitaratzearen barri emonez hasten da aste honetako ‘Astekoak’.
Aldizkariaren hasieran, gotzainak aurrerapen teknologiko eta gizarte eraldaketaren inguruan egin dauan gogoeta irakurri daiteke.
Gizarte Komunikabideen Munduko Egunaren inguruko barriak be jasoten dira aldizkarian.
Aldizkariaren maiatzeko alea osatuz, 50. urteurrena beten dauan Alkarkutxaren inguruko artikulua eta ohiko edukiak jasoten dira.
Misino-topaketa
Web orrialdean nabarmendu danez, misino-familia Urkiolan batu da urtero lez maiatzaren 1ean.
Aurton, besteak beste, Euskal Eleizbarrutietako Misinoen 75. ureurrena ospatu izan dabe.
Biziera erlijiosoaren astea
Biziera Erlijiosoaren XXIX. Astea izan da aste honetan webean nabarmendu izan dan beste barri bat.
Lekaide eta lekaimeek Sinodoan eta alkarregaz bide egiteko deian jarri dabe arreta.
Elezkano
Juanjo Elezkano Eleizbarrutiko abadeak bideoklipa grabatu dau eta horren inguruko kontuak be jaso dira web orrialdean.
Bideoklip solidario hau Bermeon grabatu dabe, Elezkano parroko lanetan ari dan lekuan. Bideoklip horren bidez atara daiten dirua Itsasoko Salbamendu Humanitariora eta ‘Aita Mari’ bere itsasontzira zuzenduko dira.
Bizirik irauteko bere herrialdetik derrigorrez urten behar dauan makina bat lagunek bizi dauan egoera “lotsagarria” salatzea da abadearen helburua.
Hemen eta han
Asteko barri nabarmenenen laburpenari amaiera emon aurretik, gure lurraldean bertan eta lurraldetik kanpo jazotako hainbat kontu aitatuko dogu.
Esate baterako, Arizmendiarrieta Fundazinoko ordezkariak eta Bilboko gotzaina Europar Parlamentuan izan dira, inklusinoa eta partaidetza sustatzen dituan enpresa-ereduaren inguruko Mintegian parte hartzeko.
Beste alde batetik, Marije Calvo migrazinoetarako saileko arduradunak baztertuen aldeko pastoraltzarako ordezkari eta eragileen jardunaldietan parte hartu dau, web orrialdean jakitera emon danez.
Lurraldetik atara barik, Lekeition pobretasunaren mapa prestatu dabela jakinarazo da.
Eleiztarrek Ebanhelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoan jasotako erronken inguruan nabarmendu dabezan ekintzetako bat da.
Web orrialdean, Ondarroan aurkeztu dan “Geu be bagara itsasoa” dokumentalaren barri be emon da.
Eleizbarrutiko asteko barriak minutu baten. Hauxe da Astekoak