22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Lekukotasunak On Joan Maria Uriarte gotzainaren heriotza dala-eta
18.02.2024

Lekukotasunak On Joan Maria Uriarte gotzainaren heriotza dala-eta

Donostiako gotzain erretiratuaren heriotzak makina batengan erasan dau eta askok esan dau zerbait gotzainari buruz. Komunikabide nagusietan ez ezik, gizarte sareetan be jaso izan dira On Joan Maria Uriarteren inguruko erantzun eta lekukotasunak. Batzuk jasoko doguz hemen. On Joseba Segura Bilboko gotzainak adierazo ebanez, Eleizari eta gizarteari ondare handia itzi deutsan gizona izan da.

 

 

On Fernando Prado Donostiako gotzaina

Donostiako gotzainak hainbat post argitaratu eban atzo gizarte sareetan. Honan agurtu eban gotzain erretiratua: “Nire miresmen eta esker ona nire gaztarotik benetako Aita, anaia eta laguna, Artzain Onaren irudi ospetsua izan dodanari. Zerura arte!

Otsailaren 20an, martitzenez, Hileta-eukaristia nagusia ospatuko da Donostiako Artzain Ona katedralean, 19:00etan, On Fernando Prado Ayuso gotzaina buru dala. 

Mons. Mario Iceta Burgoseko artzapezpikua

Bilboko gotzain izan zan eta gaur egun Burgoseko artzapezpiku dan Mons. Mario Icetaren ustez, On Joan Maria Uriarte eredu garrantzitsua izan da azken hamarkadetan Bilboko Eleizbarrutiarentzat eta, orokorrean, euskal Eleizbarruti guztientzat. Añoveros eta Larrea gotzainen sasoian, lan nekaezina egin eban batez be Bilboko Eleizbarrutiko oinarrizko pastoral ardatzak ezartzeko Eleizbarrutiko Batzar Nagusian, Eleizbarrutiaren bizitzan erabakigarri izan zan jardueran”.

Icetak nabarmendu dauanez, Uriartek ekarpen handia egin eban baterako pastoral idazkien idazketan eta ETAren amaieraren amaiketa eta gizarte baketu eta adiskidetuaren sustapena izan ziran bere ministerioaren zutabe: “Gotzainen batzarrean oso estimatuak izan dira abadeen bizitza eta misinterioaren inguruan idatzi dituanak eta horregaitik gogoeta, erretiro eta gogo-jardun askotan izan da gidari hemen eta kanpoan. Adeitsua zan, entzuteko gaitasuna eban, baita azterketa neurtu eta lasaia egitekoa be, adiskidetzea aldarrikatzen eban beti eta zerbitzeko bokazinoa erakusten, eta guzti hori izan da bere ministerioa markatu dauana. Bizitza luze eta oparoaren ostean, esker ona adierazo eta otoitz egiten dogu bere arimak atseden hartu daian Jaunarengan”.

Iñigo Urkullu Lehendakaria

Iñigo Urkullu lehendakariak Uriarteri buruz hitz egitean, zera esan dau: eeeeeeeeee“pertsona ona zan, ona benetan, fede osokoa, bere burua Eleizari eta bere Ebanjelioari eskaini eutsana. Gizon jakintsu eta apala. Niretzat, gainera, lagun mina, eredu aparta, maisua”.

Bere esanetan, beti egoan entzuteko eta behar ebanari laguntzeko prest. “Langile nekaezina etazentzuzkoa bakearen alde. Bizikidetzari eta giza eskubideei egindako ekarpena itzela izan da. Bere pentsamendua eta borondatea beti izan dira Euskariden onena bilatzeko.Bizitza eta lan oparoa berea. Jarraitu beharko geunken bidea egin dau”.

Urkulluren ustez, bere oroimena “gizarte zuzenagoa eta Eleiza hobea lortzeko doako lanaren, lan eskuzabalaren oroimena” da eta izango da. Doluminak aurkeztu deutsez bere senideei, lagunei eta euskal Eleiza osoari, “hunkituta dagoan Eleizari eta bere gidari eta On Joan Mariren kide guztiei, nire doluminak. Gizon eta gotzain handia, goian bego! Otoi eta oroi!”.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea

Angel Unanue abade laguna

Angel Unanuek 12 urtegaz ezagutu eban. “66 urte bizi izan dodaz berarengandik gertu, azken hamarrak pisukide lez. Gauza serio bi nabarmendu gura doz: Jesukristorenganako eta Eleizarenganako maitasuna eta, beste maila batean, alkarri izan deutsagun maitasuna. Ez ditut sekula ahaztuko Athleticen garaipenen ondorioz bizi izangako pozaldiak. Telebistaz ikusten ebaan partida guztiak eta bi golen aldeaz galtzen egoanean, bere gelara joaten zan. Gaur izango balitz lez ikusten dot Karmeneko Ama eleizako azkenbankuan eta jantokiko bere lekuan, gugaz, abadeokaz batera”!.

Alex Alonso lurralde bikarioa

Alex Alonso IV. bikaritzako lurralde bikarioa oso geruko izan da Joan Maria Uriarterentzat, sarritan bisitatzen ebalarik. “Berak eta Angel Mari Unzuetak lagundu eusten nire bokazino-bidean”.. Uriartek egin dauan eleiz eta gizarte lana nabarmendu dau Alonsok: “Artzain eta laguntzaile espiritual bikaina izan da. Bokazinoez eta Seminarioaz arduratuta egon gizona. Arduratuta egoan, baita be, abade lagunen arazoez, euren osotasunaz, pastoralgintzaz eta afektibitateaz”.

Pili González Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako laikoa

Pili Gonzalez Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako eleiztarrak, hartu-emon estua izan dau On Joan Maria Uriartegaz orain dala 14 urte hasita eta atsekabe handia eragin deutso bere heriotzak. Uriartek erretiroa hartu ebanean eta Bilbora, Karmenera bizitzera joan zanean, Pilik eta Iñaki Cabezon bere senarrak lagundu deutse. Pilik testu guztiak, liburu guztiak transkribatu deutsaz, eta berak dinoanez, “bere ordenagailua izan naz”. Iñakik, bere aldetik, papel-kontuetan, agiriak jasotean, enkarguetan, posta-kontuetan…, lagundu deutso. Otsailaren 8an joan jakon Uriarte Piliri laguntza eske azkeneko aldiz, iktusa emon bain egun bi aurretik. Jardunean izan da azkenera arte. 

Piliren esanetan, “goitik beherako gizona zan, hurkoa eta fededun handia”. Pilik dinoanez, “Joan Marik askotan esaten eban Aitagaz alkartzeko gogo handia ebala. Esan egiten eban, gutunetan edo solasaldietan. Heldu jako Aitagaz bat egiteko une handi hori”. 

Inmaculada Gallastegi adiskide eta Uriarteren idazkari ohia

Hainbat urtez, Inma Gallastegi izan zan Uriarteren idazkari Bilboko gotzaitegian, Zamorako gotzain izendatu eben arte. “Bere idazkari izatea eskatu eutsan eta esker oneko naz beragaz. Asko ikasi neban bere ondoan, gizon argia zan eta egundoko ekarpena egin deutso Eleizari eta buru-belarri jardun izan dau bakearen alde”.

On Joan Maria Uriartek Radio Popular-Herri Irratiaren eta Bizkaia Irratiaren alde egindako lana nabarmendu dau Gallastegik: “Seguru nago goitik be lagunduko deuskunaz. Hantxe alkartuko dira nire senarra (Juan Mari Iraolagoitia, Bizkaia Irratiko zuzendari ohia), Angel Mari Unzueta, Karmelo Etxenagusia eta orain dala urte batzuk hildako irratiko makina bat lagun”.

Manu Arrue kartzela pastoraltzarako Donostiako Eleizbarrutiko arduraduna

Arrue Bake eta adiskidetzarako Bilboko Eleizbarrutiko arduradun izan zan hainbat urtez eta, bere ustez, “Juan Mari adiskidetzearen maisu” izan zan. 

Adierazpenak Bilboko Eleizbarrutiaren sare-kontuetan

Mons. Juan María Uriarte.