21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eskautek Morga eta Muxika bitarteko landare arrotzak kendu egingo dabez
10.02.2023

Eskautek Morga eta Muxika bitarteko landare arrotzak kendu egingo dabez

Datorren zapatuz, 220 eskaut inguruk boluntario-lanak egingo dabez Morga inguruan ingurumenari laguntzeko, ingurumenaren zaintza eta kudeaketarako Lurgaia Fundazinoagaz alkarlanean. Ordu biko lana egingo dabe landare arrotzak kentzeko, espezie barriak landatzeko eta habiak eraikitzeko. Hamaiketakoa egin eta gero, gogoeta egingo dabe garapen jasangarriaren eta bakarka zein talde lez danona dan etxearen alde egin leiken guztiaren inguruan. Ekitaldiari amaiera emoteko, otoitzaldia egin eta alkarregaz bazkalduko dabe.

Eskautek ingurumenaren zaintzarako boluntario-lanaren 11. ekitaldia ospatuko dabe. Gazteen artean kontzientzia sortzea da helburua, ingurumenaren aldeko jarduera eraikitzaileak gauzatuz ekarpen positiboa egiteak dauan garrantzia nabarmenduz

Egitarau hau mundu osoko eskautentzat da eta ingurumena zaintzeko jarduera hezigarriak garatzeko, izadiaren inguruan ikasteko, ingurumena babesteko eta pertsonen jarduerak inguruan dauan eragina arintzeko aukera emoten deutse. Bizimodu jasangarria sustatzeko eta danona dan etxearekiko errespetuzko harremana eragiteko erabakiak hartzen be irakasten jake. 

Alkarrizketa Ainhoa RIaño Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko kideari Radio Popular-Herri Irratian.

Meatzaldeko eskauten heziketa

Joan dan domekaz, Urbegi taldeko begiraleak Ezker-Meatzaldea inguruko gainerako eskaut taldeakaz batu zan heziketarako.

Saioan, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko pertsona helduen inguruko jarduerari buruzko heziketa nabarmendu zan. Goizez, talde bitan banatuta, agiri hori norbereganatzeko aukera izan eben. Lehenengo, “sarrera-prozesuak eta lehenengo aldia” aztertu eben eta, ondoren, “aldi bete-betea”. Begiraleen taldeetan, begiraleen sartu-urtena hobeto kudeatzea da helburua.

Ideiak batera jarri eta alkarregaz bazkaldu ondoren, Sergio Buiza lurraldeko bikario eta Bizkaiko mobimentuko kontsiliarioak hitzaren ospakizuna gidatu eban, federako inguruko mahaiak esku-hartu ebalarik. Partaideek esan ebenez, “une polita izan zan eta inguruko monitoreen aldien erradiografia ikusteko aukera izan genduan”.