Gaurko egunez, Lurralde Santuko kristau alkartea gogoan izateko eskatu da bikaritza nagusitik. Kerman Lopez bikario nagusiak azaldu dauanez, “benetan larria da Lurralde Santuko eta inguruko herrialdeetako kristauek bizi daben egoera. Hori dala-eta, Frantzisko aita santuak sutsuki dei egiten deusku ‘Pro Terra Sancta’ diru-batzea egin daigun”.
Elialdeko Eleizetarako Dikasterioko prefektu dan Claudio Gugerotti kardinalak gutuna bialdu deutse mundu osoko gotzainei, besteak beste, esanez: “Lurralde Santua, Leku Santuak, Jainkoaren Herri Santua senide doguz, guztion ondare dira-eta. Arren eskatzen deutsuet diru-batzea pastoral lehentasuntzat hartu daizuen: Jesusen sasoitik hasita han izan dogun agerpen ederraren biziraupena dago jokoan”.
Diru-batze hau Paulo VI.a aita santuak eraginda egiten da 1974tik hasita eta kristautasunaren Leku Santuei laguntzea da helburua. 800 urte daroez frantziskotarrek Leku Sanguak jagoten.
Aurton, “diru-batzea ezinbesteko baliabide bihurtu da: pandemiaren eraginez erromesaldi gehienak bertan behera geratu ziran eta jarduera txiki batzuk baino ez diralako egin eta askok erbestera joan behar izan daualako. Lurralde Santua sendotu eta Leku Santuakazko lotura ziurtatu gura badogu, ezinbestekoa da kristau alkarteei laguntzea”.
Dikasteriotik esan dabenez, diru horregaz “Lurralde Santuaren jagoletzaz arduraten diranek oinarrizko egitekoa burutuko dabe: Leku Santuak, oroimenaren harriak zaindu eta kristau agerpena, Lurralde Santuko harri biziak,sustatu. Horretarako alkartasunezko hainbat jarduera egiten da, esate baterako pastoral, heziketa, osasun eta giarte egiturei eutsi”.