Mar Vaquek, lehenengo saria lortu eban ‘Joseph Gabler de Ochsenhausen’ nazinoarteko lehiaketan eta gaurko saioan, XVIII-XX gizaldietako musika aleman eta frantseseko piezak joko ditu, besteak beste musikari honeenak: Johann Gottfried Walther, Johann Sebastian Bach, Robert Schumann, Louis Vierne eta Maurice Duruflé. Santutxuko Karmelo eleizako Cavaillé-Coll (1894) organoaz baliatuz interpretatuko ditu pieza guztiak.
Mar Vaque
Tarragona, 1994.eko martxoaren 18a. Vaque 2011an, 7 urte ebazala, hasi zan pianoa ikasten eta organora hurreratzen hasi zan. 2013an ekin eutsen goi-mailako organo-ikasketei Kataluniako ‘Escola Superior de Música’ dalakoan. 2015ean, Hochschule für Musik und Darstellende Kunst Stuttgart (Alemania) dalakoan sartu eta organo-karrerari amaiera emon eutsan Jürgen Esslen zuzendaritzapean. Heziketa osatzeko, Organo-masterra eta Kirchenmusik-karrera (eleiz musika) burutu ebazan irakasle beraz.
Kontzertu ugari eskaini dau bakarlari lez maila nazional eta internazionalean, Espainian, Andorran, Frantzian, Alemanian, Kolonbian, Italian eta Lituanian, eta 2018an Pariseko Notre-Dame Katedralean eskaini eban saioa nabarmentzen da guztien gainetik. RNEk eta SWR Deutschlandek musikari honen hainbat kontzertu grabatu dabe.
2015eko abuztuan, lehenengo saria jaso eban Joseph Gablerren oroimenezko nazinoarteko organo-lehiaketako IV. deialdian, Ochsenhausenen (Alemania). Gaur egun, organista, abesbatzen zuzendari eta organo, bat-bateko saio eta abesbatza-zuzendaritzako eskolak emoten ditu Municheko St. Johann Baptist parrokian eta, gainera, kontzertuak emoten jarraitzen dau.
Organo-jaialdiaren inguruan gehiago jakiteko: hemen