06-01-2026 Epifanía del Señor
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Marijesien bederatziurreneko lehenengo erronda
16.12.2025

Marijesien bederatziurreneko lehenengo erronda

Goizaldean, Marijesien abestiak entzun dira Gernikan. Jesusen jaiotza iragartzeko burutuko dabezan bederatzi errondetatik lehenengoa egin dabe gaur. Aurton, abenduaren 24ko azken errondan batu dagien dirua Alboko Esklerosi Amiotrofiko (AEA) daben pertsonei laguntzen deutsen adELA Bizkaia alkartearentzat izango da. 

Belaunaldiz belaunaldi eutsitako ohikuneari leial, Marijesien ahotsek egunsentiaren isiltasuna urratu egin dabe Andra Mari parrokiaren atarian, bederatziurrenari hasiera emonez.

Begirunea adierazoteko belauniko jarri ondoren, bakarlariek “Sakramentu Santu Jauna…” abestu dabe eta gero koruak bat egin dau eurakaz kantuan. Ibilbidean zehar, keinu bera egin dabe Lurgorrin eta Santa Luzian.

Lehenengo egun honetan, 68 lagun inguru atara da abestera. Bederatzi egunotan, batez beste 50-70 lagun ataraten dira. Aurton, ahots barriak gehitu dira, abenduaren 8an, entsegura joan ziran 16 urteko hiru neska.

Fernando Astoreka, Denis Azkarate, Alex Uriarte, Ane Miren Arejita eta Iñaki Gonzalez bakarlariek txandaka abesten dabe egokitu jakezan errondetan. Gaur, Errenteria auzoan ibili dira kantuan. 

Alkartasunezko amaiera Gabon egunez

Gaueko bederatziurrena abenduaren 24an amaituko da. Egun horretan, goizaldeko ohiko errondagaz gainera, Marijeseek urteera berezia egingo dabe eguerdian. Eguneko ibilaldi hau alkartasunezkoa da, ongintzazko helburu baterako dirua batzen da-eta. Aurton, Alboko Esklerosi Amiotrofiko (AEA) daben pertsonei laguntzen deutsen adELA Bizkaia alkartearen aldeko eronda izango da. Gernikan bertan eta Lekeition hainbat kasu agertu izan dala-eta erabaki eben dirua alkarte honi emotea. Kostaldeko herriko “Aeroplano Bi” kultur alkarteko boluntarioek batuko dabe dirua.

Aurretik, abenduaren 24ko goizean, abeslariek Gernikako Andra Mari eleizan ospatuko dan mezan parte hartuko dabe. Une berezia da Marijesientzat.

Denis Azkarate, Alexander Uriarte eta Fernan Astoreka bakarlariak gaurko errondan

AEA

Alzheimer eta Parkinson gaixotasunen ostean, hauxe da gaixotasun neurodegeneratibo ohikoena eta urtero 900 kasu diagnotikatzen dira Estatuan eta 40 Euskadin. AEA daben pertsonen batez besteko adina 55 eta 65 urte bitartean dago. Gaur egun, 190 lagunek dabe gaixotasuna Euskadin. AEA dauan pertsona batek urtean 60.000 euro gasattzen ditu. Adituek aurreikusi dabenez, datozan 25 urteetan, gaixotasunaren prebalentzia %40 gehituko da.

ELA daben pertsonen eta euren familien eta ingurukoen bizi-kalitatea hobetzea da ADELA Bizkaia alkartearen jarduera nagusia.

Marijesiek, beraz, gaixotasun hau jasaten daben pertsona honeek agertzera emongo dabez eta eurei lagunduko deutsie.

Marijesiak 25