22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 500 ikasletik gora Steam Azoka zientifikoan
30.11.2022

500 ikasletik gora Steam Azoka zientifikoan

Bostehun bat ikasle batu dira gaur Sodupeko Avellaneda Ikastetxean, EBI Steam azokan. Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua eta gotzaina, on Joseba Segura izan dira ekitaldi honen bigarren edizinoan. Bertan izan dira baita, estaduko 20 bat Elizbarrutitik etorritako eskoletako ordezkariak be.

EBI sareko ikastetxeek Steam Azokaren II. ekitaldia ospatu dabe, "bokazino zientifikoak bizteko" xedeagaz. Ikasleek zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak jakintzagaietan oinarritutako hainbat egitasmo aurkeztu dabe. Gotzainak azaldu dauanez, "zientziak, berak bakarrik, ezin dau mundu hau konpondu", eta ezinbestekoa da euskarri sendoagoa izatea, hau da, "humanismoa".

Eleizbarrutiko 16 ikastetxetako ehunka ikasle batu da Steam Azokan. Hainbat egitasmo aurkeztu dabe, esate baterako, automobil elektrikoen, roboten, mineralogiaren, errealidade birtualaren, ordezko energien inguruan. Ekitaldiaren antolaketaz arduratu dan Avellaneda ikastetxeko hainbat ikaslek bertsoen bidez egin deutse ondo etorria bertaratutakoei. 

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1597886283602620416?s=20&t=bgu7kZ2Jr1SEol0UG-je0g

Gainera, Jokin Bildarratz Hezkuntza-sailburuak eta On Joseba Segura Bilboko gotzainak zenbait stand bisitatu eta hainbat egitasmo ezagutu dabe.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1597896375819448321?s=20&t=bgu7kZ2Jr1SEol0UG-je0g

Gotzainaren berbak

Gotzainak azokaren garrantzia azpimarratzeaz batera, bokazinoak bultzatzea ezinbestekoa dala esan dau, eta batez be emakumeen bokazinoak bultzatzea, “oraindik zorretan gagoz-eta emakume zientifikoakaz”. Jocelyn Bell Burnellen kasua aitatu dau; astrofisiko honek pulsar baten lehenengo irrati-seinalea aurkitu eban beste batzukaz batera ikasle zala. Bere irakasleek fisikako Nobel saria jaso eben eta Bellek ez.

“Gaur egun, inguruabarrak aldatu egin dira -esan eban aurrerago-, baina algoritmoen mundu honetan gaur egun be alborapenak gertatzen dira sexu eta arrazagaitik, atzean, gehienetan, arraza zuriko gizonak dagoz-eta”.

Azkenik, mundu honek behar dauana ez dirala teknika arloan prestatuta dagozan profesionalak bakarrik esan dau gotzainak, eta ezinbesteko dituala “euren buruarengan eta euren ingurukoengan sinisten daben pertsonak. Baina, gainera, euren buruagaz eta egiten dabenagaz ilusionatuta dagozan pertsonak behar-beharrezkoak dira”.

Beste hainbat Eleizbarrutiren partaidetza

Estatuko hogei Eleizbarruti inguruko ikastetxeetako 40 arduradun inguru be izan da azokan; honeekaz batera, Espainiako Gotzainen Batzarreko hainbat arduradun.

Mons. Alfonso Carrasko Lugoko gotzain eta Hezkuntza eta Kulturarako Gotzain Batzordeko presidenteak honako ekitaldien garrantzia azpimarratu dau, bere ustez, egokiak dira-eta “Eleizbarrutietako ikastetxeen jarduera onak batera jarteko”.

Era berean, Raquel Perez San Juan Hezkuntza eta Kulturarako Gotzain Batzordeko Idazkarizako zuzendariaren esanetan, Eleizbarrutietako ikastetxeek emoten daben zerbitzua “aberastasuna” da gizartearentzat.

Avellaneda Ikastetxeko zuzendariak, Mari Jose Larrondok gidatu dau ekitaldia.