Edorta Jimenez idazlearen eskutik, bisita gidatua egingo da bihar -urriak 17, barikua-, 18:00etatik 19:30etara, leku adierazgarri honen sekretuetan sakontzeko. Ondarearen Europako Jardunaldiak dirala-eta burutuko dan jarduera honetan, lekuak, mugatuak dira eta ezinbestekoa da aurretik izena emotea turismo-bulegoan.
Leku pribilegiatu honen historia eta kokapena
Santa Katalina ermita, izen bereko penintsulan kokatuta dagoana, XIX. gizaldikoa da eta zaharragoa zan tenpluaren zimenduen gainean eraikita dago. Kokapena, ikusgarria da: itsasoan dagoan tontor txiki baten isolatuta, Mundakako itsasadarraren sarrera menderatzen dau. Paisaia zoragarri hau da, zalantza barik, ekoizle zinematografikoen atenzinoa deitu dauan erakargarri nagusia.
Eraikina, gotikoaren eta errenazimentuaren arrtean dana, antxinako gotorlekuaren arrasto diran harresiez inguratuta dago. Historian, hain bat erabilera izan dau: arrantzaleen kofradiak batzarrak egin ebazan bertan, izurriteetan bertan egoten ziran berrogeialdian gaixoak…
Jatorrizko ermitak 1879an behea jo eban eta gaur egungoa auzotarren ahaleginagaitik eraiki eta 1885eko azaroaren 25ean sagaratu zan. Oinplano angeluzuzena eta egurrezko zoladura dituan barrualdean, hainbat irudi dago: Santa Katalina, Santa Ana Maria neskatoagaz, San Migel Goiaingerua, San Joakin eta Santa Apolonia.
Bere balio historikoa, sekulako edertasun zinematografikoa eta herritarren ekimena buztartzea, formula perfektua izan da Mundakako ikur honi bizitasuna itzultzeko, bere hurrengo agerraldia etorkizun distiratsua izango dala ziurtatuz.